- ‘Aliantza publiko-pribatua, Euskadi eraldatzeko tresna’ jardunaldiak finantza, industria eta ikasketen arloko 200 ordezkari inguru bildu ditu
- Imanol Pradales: “Euskal Finantza Aliantza irmo ari da aurrera egiten”
«Erakunde publikoek ez diogu aberastasunaren banaketari bakarrik erreparatu behar; eginkizun aktiboa ere izan behar dugu, jarduera eta enplegua sortzen laguntzeko». Mezu nagusi horrekin, Imanol Pradales Lehendakariak amaiera eman dio Finantzen Euskal Institutuak antolatutako ‘IVF Topaketak 2025’ foroaren lehen edizioari.
‘Aliantza publiko-pribatua, Euskadi eraldatzeko tresna’ lelopean, Guggenheim Museoan egindako ekitaldian, finantza, industria eta ikasketen arloko 200 ordezkari inguru bildu dira, baita erakundeetako kargudunak ere, Euskadik Estatuko eta nazioarteko panoraman duen posizioa indartuko duten baterako estrategiak diseinatzeko eta partekatzeko helburuarekin.
Testuinguru horretan, Lehendakariak finantzen garrantzia nabarmendu du, enplegua, ekintzailetza, ekoizpenerako inbertsioa eta enpresa-proiektu berrien sustapena bultzatzeko palanka den heinean. Aditzera eman duenez, «hori da bultzatzen jarraitu nahi dugun euskal eredua. Beste kontratu sozial bat, industria lehiakor eta aurreratua ardatz izango duena eta aukerak, kalitateko enplegua eta ongizate kolektiboa sortuko dituena. Hori lortzeko, gutxienez hiru palanka ditugu: industria-politika, zientzia- eta berrikuntza-politikak eta finantza-politika. Gure industria-ehunari tresna berriak eskaini nahi dizkiogu, indar handiagoa izan dezan eta baldintza hobeetan lehia dadin. Etengabe berritzen jarrai dadin eta teknologian eta pertsonetan inbertitu dadin, talentua erakarri eta fidelizatzearen bidetik. Eraldaketa digitalari edo deskarbonizazioari aurre egin dakien. Eta merkatu berrietara zabal dadin eta hazteko eta finkatzeko eragiketak egin daitezen”.
Noël d’Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak ireki du lehen edizio hau, eta baliabide publikoak kapital pribatuaren mobilizaziora bideratzearen garrantzia nabarmendu du. “Baliabide publikoek kapital eta aurrezki pribatuak mobilizatzeko balio behar dute, inbertsioa areago dadin gure industrian eta lehiakortasun-palanka gisa jarduten duten azpiegituretan”.
Sailburuaren iritziz, nahi horrek bat egiten du egungo nazioarteko testuinguruarekin, eta Euskal Autonomia Erkidegoko ekosistemako eragileen arteko aliantzak sendotzea eskatzen du. “Europar Batasunak modu aktiboan bultzatzen ditu aliantza publiko-pribatuak, garapen jasangarrirako, berrikuntza teknologikorako eta gizarte-kohesiorako zutabe estrategiko diren heinean. Euskadin dugun estrategiak bat etorri behar du Europar Batasunaren ikuspegi horrekin”, esan du d’Anjou sailburuak jardunaldiaren hasieran.
Nemat Minouche Shafik Nazioarteko Diru Funtsaren zuzendari kudeatzaile ondokoak —baronesa titulua jaso zuen Erresuma Batuan, munduko ekonomiari egindako zerbitzuengatik— gaiari buruzko ikuspegi globala eskaini du, ondorengo eztabaidarako erabili dena:
- Munduko hazkundearen aurreikuspenak
- Nazioarteko Diru Funtsak % 3,1eko batez besteko hazkundea aurreikusten du datozen bost urteetan —pandemia baino lehenagoko % 3,8aren azpitik—. Horretan, zenbait faktorek dute eragina, hala nola zahartze demografikoak, produktibitatearen moteltzeak, tentsio geopolitikoek edo klima-asaldurek.
- Ameriketako Estatu Batuetako merkataritza- eta diru-politikaren inguruko ziurgabetasunak, batez ere muga-zergen eta dolarraren rolaren inguruko ziurgabetasunak, arrisku handia dira nazioarteko ordena ekonomikoaren egonkortasunerako.
- Europan beharrezkoak diren erreformak
- Shafik-ek Draghi-ren txostena (lehiakortasuna), Letta-ren txostena (merkatu bakarretik haratago) eta Lord Hill-en txostena (banku-batasuna eta kapital-merkatuen batasuna) errepasatu zituen, eta Europar Batasunean integrazio ekonomiko eta inbertsio handiagoa bultzatzea premiazkoa zela adierazi zuen.
- Europako enpresek arauzko karga handiak eta merkatuaren zatiketa jasaten dituzte, eta horrek inbertsioaren itzultze-tasak eta, ondorioz, hazkunde ekonomikoa mugatzen ditu.
- Euskadirako giltzarriak
- Trantsizio berdea: ezinbestekoa klima-aldaketari aurre egiteko eta mendekotasun energetikoa eta geopolitikoa murrizteko.
- Digitalizazioa eta adimen artifiziala: lanpostuetan adimen artifiziala lehenbailehen ezar dadin sustatzea, produktibitatea optimiza dadin, gero eta biztanleria aktibo gutxiagoko testuinguruan.
- Defentsaren eta espazio fiskalaren arloko gastua: Europan aurreikusten den defentsaren arloko gastua handitzearen aurrean, Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia posizio onean dago garapen teknologikoko programetan parte hartzera begira.
- Euroaren rola: dolarra ordezkatzea aurreikusten ez duen arren, euroak erreserba-aktibo gisa protagonismo handiagoa izatea espero du, betiere urrearekin osatuta.
- Enplegua eta demografia: Euskadik egungo talentuaren erabilera maximizatu behar du, etengabeko prestakuntza sustatu behar du eta immigrazioa modu orekatuan kudeatu behar du, eraikuntza, zerbitzuak eta zaintza gisako funtsezko sektoreak estal daitezen.
Amaitzeko, Shafik-ek aditzera eman zuen Euskadik zutabe nagusi hauek dituela erronka globalei eraginkortasunez erantzuteko: Euskadiren irekiera historikoa, industria-oinarri sendoa, lehen mailako I+Garen arloko gaitasunak eta lankidetza publiko-pribatu estua.
Hitzaldiaren ondoren, mahai-ingurua egin da (“Etorkizuneko arkitektura: Euskadiren ekonomia-garapenerako aliantzak”), Jon Barrutia Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko dekanoak moderatuta. Mahai-inguruan parte hartu dute:
- Anton Arriola Kutxabankeko presidenteak
- Juan María Nin ITP Aero enpresako eta Euskal Enpresaburuen Zirkuluko presidenteak
- Cristina Ortega AVS (Added Value Solutions) enpresako Espazioko zuzendariak
- Pablo Echart Stellum Capital enpresako CEO eta partnerrak
- Amaia del Villar Finantzen Euskal Institutuko (IVF-FEI) zuzendari nagusiak
Jorratu diren funtsezko alderdien artean hauek adieraz daitezke:
- Eragin geopolitikoa. Ukrainako gerrak, Txinaren eta Ameriketako Estatu Batuen arteko lehiak eta energiaren garestitzeak eraginda, balio-kateak berrikusi behar dira eta merkatuak dibertsifikatu.
- Proiektu estrategikoen finantzaketa. Inbertsio publiko-pribatuko mekanismo mistoak, bonu berdeak eta trantsizio energetiko eta digitalizazioko proiektuetarako baterako inbertsioko azpiegiturak.
- Ikuspegi sektoriala. Hizlari bakoitzak bere esperientzia espezifikoaren ekarpena egin zuen: bankuak finantzaketa jasangarriaren erronkaren aurrean (Arriola), industria aeroespaziala floten berrikuntzaren aurrean (Nin), kluster teknologikoen rola (Ortega), arrisku-kapitala scale up-en katalizatzaile gisa (Echart) eta Euskal Autonomia Erkidegoko finantza-politikaren egokitzapena (del Villar).
Eztabaidak agerian utzi zuen arau-esparru arin baten beharra, besteak beste. Minutu batzuk lehenago, Minouche Shafik ere bat etorri zen premia horren inguruan, eta garrantzi handiko datuak eman zituen: “Europar Batasuneko enpresek burokraziari lotutako kostu handiak dituzte. Europako Inbertsio Bankuak kalkulatu du araudia betetzearen kostua salmenten % 1,8 dela batez beste, eta % 2,5 dela enpresa txiki eta ertainen kasuan”.
“IVF Topaketak 2025” mahai-inguru horretan beste gai batzuk ere jorratu ziren, hala nola finantza-tresna malguen egokitasuna eta erakundeen eta enpresaren arteko etengabeko elkarrizketa, inpaktu handiko proiektuak arinago egikari daitezen. Foro horretan, baliabide publikoak eta pribatuak Euskadiren lehiakortasunaren alde ahalik eta gehien aprobetxatuko dituzten lankidetza-ereduek eskaintzen duten aukerari ere heldu zaio.