Azpeitiako txupinazoa botatzeko lau hautagaiak erabakita, botoa emateko aukera ere zabalik

0
Herritarrek egindako proposamen guztiak aztertu ostean, Festa Batzordeak prest du aurtengo saninazioetako txupinazoa botatzeko hautagaien zerrenda. Gaurtik aurrera, bozketa hasiko da, eta puntu gehien jasotzen dituena igoko da udaletxeko balkoira uztailaren 30ean.
Bi bide egongo dira botoa emateko. Alde batetik, Internet bidez, www.azpeitia.eus helbidean; eta, bestetik, udaletxean, igerilekuan eta liburutegian egongo diren postontzien bidez. Herritar bakoitzak behin bakarrik eman ahal izango du botoa; horregatik, nortasun agiria eskatuko da; herrian erroldatuta ez daudenek ezin dute bozketan parte hartu.

Puntuazio bidezko sistema izango da; hau da, gehien gustatzen zaigun hautagaiari lau boto eman behar zaizkio, eta gainerakoei hiru, bi edo bat, norbere lehentasunen hurrenkeran.
Mikel Odriozola Festa batzordeburuak jakinarazi duenez, hogei hautagai baino gehiago proposatu dituzte herritarrek, taldeak nahiz norbanakoak, elkarrengandik oso desberdinak, eta horietako batzuk pertsona batek baino gehiagok proposatutakoak izan dira.

Herriari egindako ekarpena, berdintasuna eta bizikidetza sustatzeko egindako ahalegina, euskal kulturaren alde egindako lana eta beste irizpide batzuk kontuan hartuta, horien guztien artean honako lau hauek aukeratu ditu Festa Batzordeak.

Txupinazoa botatzeko lau hautagaiak

  • Kepa Susperregi. Azken 31 urteetan Azpeitiko erretore izan ostean, iazko urte amaieran Zarautzera lekualdatu zuten Susperregi. “Herritarrekin izandako gertutasunagatik eta laguntzeko borondateagatik” proposatu dute.
  • Izarraitz Igeri Elkartea. Udazkenean beteko ditu 40 urte Izarraitz Igeri Elkarteak, eta urte hauetan “gaztetxoekin egin duen lan aparta” aitortzeko proposatu dute txupinazorako.
  • Euskarara etorriak. Euskara ikastea erabaki dutenak, biharko euskaradunak. Euskaltegira joan eta euskara ikasteko hartu duten erabakia eskertzeko eta “ikasketa prozesuan jarraitzera animatzeko” proposatu dituzte.
  • Marea Urdina. “Asko eta askori begiak ireki dizkigulako” proposatu dute Marea Urdina, aniztasun funtzionala duten pertsonak integratzeko egiten duen “lan izugarriagatik”.

Azpeitiko Udalak iaz erabaki zuen lehen aldiz herritarrei txupinazoa botatzeko hautagaiaren prozesuan parte hartzeko aukera ematea. Azokara etortzen diren ekoizleek jaso zituzten boto gehien, eta haiek bota zuten txupinazoa.