- Neurriak kalitate asistentziala hobetzeko aukera emango du, eta, gainera, prebentzio-programak arrakastaz ezartzeko aukera emango du, helduaroan gaixotasunak saihesteko
- Osasun-sistema guztietan profesional gutxi dauden arren, gaur egun Euskadiko Lehen Mailako Arretako pediatren ratioa Estatuko batez bestekoa baino % 15 handiagoa da
- Osakidetzako Pediatriako ordezkariak Legebiltzarrean agertu dira gaur goizean, eta Bidasoko ESIan Pediatriako Arretarako proposatutako eredu berria azaldu dute
Osakidetzak Pediatriako arreta-eredu integratu eta iraunkorraren alde egiten du, Lehen Mailako Arreta ardatz egituratzailetzat hartuta, talde egonkorrekin, antolaketa-autonomia handiagoarekin eta klinikoki koordinatutako egiturekin. Horretarako, datozen hilabeteetan, pediatriako 69 profesional finkatuko dira osasun-zentroetako kontsultetan. Halaxe ziurtatu dute gaur Legebiltzarrean Osakidetzaren ordezkaritza batek, zeina Osasun Batzordean agertu baita Euskadiko Pediatriako Arretaren ildo nagusiak azaltzeko.
Agerraldian parte hartu dute Osakidetzako Asistentzia Sanitarioko Zuzendaritzako zuzendari Maite Martínezek, Lehen Mailako Arretako Pediatriako arduradun Iratxe Salcedok, bai eta Bidasoko ESIko zuzendari mediko María Eugenia Alkizak ere, erakunde horretan kalitatezko Pediatriako Arreta ziurtatzeko ezarritako eredu asistentzial berriaren berri eman duena.
Azaldu duten bezala, Osakidetza 13 Erakunde Sanitario Integratutan (ESI) antolatuta dago. Erakunde horiek etengabeko Pediatriako Arreta bermatzen dute, Lehen Mailako Arretaren (ardatz egituratzaile gisa) eta ospitale-sare pediatrikoaren bidez. Bi maila asistentzialetan Pediatriako mediku espezialistek ematen dute arreta, horiek baitira arretaren zutabea.
Azken hautaketa-prozesuei esker (20-21-22 eta Egonkortzeko EPEa eta Betetzeko zailak diren lanpostuen EPEa) Osakidetzak aurreikusten du aurten Pediatriako 69 lanpostu finkatuko direla Lehen Mailako Arretako kontsultetan. Profesional horietako batzuk dagoeneko hasi dira beren lanpostuetan, eta gainerakoak datozen hilabeteetan hasiko dira lanean; horri esker, beren lana modu eraginkorragoan egin dezakete. Gogoratu behar da, osasun-sistema guztietan profesional gutxi dauden arren, gaur egun Euskadiko Lehen Mailako Arretako pediatren ratioa Estatuko batez bestekoa baino % 15 handiagoa dela: 106,6 pediatra 15 urtetik beherako 100.000 biztanleko.
Errefortzu horrek, sortzen ari diren erronkei (obesitatea, asma, alergiak eta antzeko gaixotasun kronikoen prebalentzia) erantzutea ahalbidetuko duen kalitate asistentziala bermatzeaz gain, aukera ematen du Euskadiko Haurren Osasun Programa arrakastaz aplikatzeko, pediatria-taldearekin programatutako kontsulta sorta bat baliatuta, jaiotzatik nerabezarora, gaixotasunak prebenitzeko, osasun-arazoak garaiz detektatzeko eta familietan ohitura osasungarriak sustatzeko. Urtero 240.000 bisita programatzen dira programa honen esparruan.
ARRETA PEDIATRIKOAREN EREDU BERRIA BIDASOAKO ESIan
Osakidetzak, halaber, Bidasoko ESIan eskainiko duen pediatriako arreta-eredu berriaren berri eman du. Eredu horren helburua da kalitatea hobetzea eta EAE osoan ematen den arreta homogeneizatzea; izan ere, Osakidetzak azaldu duen bezala, ESI horren arreta-eredua, duela urte batzuetatik indarrean dagoena, erakunde horrentzat baino ez zen, eta beste erakunde batzuetan aplikatzen denaz bestelakoa zen. Maite Martínez Asistentzia Sanitarioko zuzendariak azaldu duenez, «Gure erantzukizuna da premia asistentzial horri erantzun hobea emango dioten profesionalen aldetik, leku batean zein bestean bizi, arreta egokia bermatzea, garaiz eta behar bezala».
Aldaketa horren barruan, osasun-zentroetako Pediatriako Arretaren ordutegia 08:00etatik 17:00etara izango da. Ordu horretatik aurrera, bai eta asteburuetan eta jaiegunetan ere, arreta jarraitua Irungo EAG zentroan emango da, orain arte bezala, eta kasurik larrienak Donostiako Unibertsitate Ospitalean. Osakidetzak azaldu du erabaki hori osasun-irizpideak kontuan hartuta hartu dela, profesionalei entzunda, eta Lehen Mailako Arreta indartzeko premisan oinarrituta, Pediatriako Arreta «ardatz egituratzailea» baita.
Bidasoko ESIko zuzendari mediko Maria Eugenia Alkizak azaldu duenez, orain arte indarrean egon den eredua egoera «kritiko» batean zegoen, zeuden taldeen gainkargaren ondorioz. Gainkarga horrek kalitatezko arreta emateko denbora mugatzen zuen, prebentzio-programaren ezarpenaz gain. Osakidetzak ziurtatzen du ezarritako eredu berriak Pediatriako premiazko arretaren kalitatea hobetzen duela, arrisku klinikoa eta gainkarga profesionala murrizten dituela eta, gainera, beste ESI batzuetan ezarritako arrakasta-ereduekin bat datorrela.