Eusko Jaurlaritzak espetxe-arloko lan eta ikerketarako Gómez Elosegui Sariaren beste edizio bat deitu du

0

Eusko Jaurlaritzak Francisco Javier Gómez Elosegui Sariaren 2025. ediziorako deialdia egin du. Sari horrek publikoki errekonozitzen ditu espetxe-arloan hartutako konpromisoa eta bikaintasuna, bereziki giza eskubideen defentsan eta gizarteratzearen aldeko ahaleginetan.

Justizia eta Giza Eskubideetako sailburu María Jesús San Josék proposatuta, Kontseiluak sari baterako deialdia egin du, espetxe-sistema humanizatzen modu eredugarrian lagundu duten ibilbide pertsonalak edo profesionalak nabarmentzeko eta arlo horretan diziplina anitzeko ikerketa sustatzeko.

Saria Justizia eta Giza Eskubideetako Sailaren 2025-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan dago, eta 10.000 euroko zuzkidura ekonomikoa du. Francisco Javier Gómez Elosegui du izena, ETAk 1997ko martxoaren 11n hil zuen Espetxeetako psikologoa. Horren bidez, gogorarazi nahi da “haren ondarea bizirik dagoela erreferente etiko eta profesional gisa, presoen duintasunaren, gizarteratzearen eta giza eskubideen errespetuaren alde hark egindako lan nekaezinagatik”.

68/2023 Dekretuak ezartzen duenez, Justizia Sailburuordetzaren urteko ebazpenaren bidez egiten da deialdia. Sariak berezko araubide juridikoa du, eta saritutako pertsonak edo entitateak eskatu beharrik gabe ematen da. Deialdi honen bidez, Eusko Jaurlaritzak berretsi egiten du gizarteratzean, giza duintasunean eta funtsezko eskubideetan oinarritutako espetxe-politikarekiko konpromisoa, publikoki errekonozituz praktikatik edo ikerketatik sistema bidezkoagoa, gizatiarragoa eta eraldatzaileagoa eraikitzen laguntzen dutenak.

Aurreko edizioetako saridunak

Aurreko edizioetan, Francisco Javier Gómez Elosegui Sariak errekonozitu du gizarteratzearekin eta giza eskubideen defentsarekin konprometitutako entitateek espetxe arloan egindako lana. 2020an, Loiolaetxea elkartea saritu zuten, gizarteratze-prozesuetan dauden presoei laguntzeko egindako ibilbide nabariagatik.

2021ean, ADAP elkarteak jaso zuen saria, Arabako espetxean egindako lan boluntarioa errekonozitzeko, bereziki emakume presoei lagun egiten eta haiek ahalduntzen. 2022an, Bidesari elkarteak 1994tik askatasunaz gabetutako pertsonekin egindako lan jarraituagatik jaso zuen saria. Berrikiago, 2023an, Arrats elkartea saritu zuten, espetxeetako esku-hartzearen esparruan izandako jardunbide egokiengatik. Iaz, espetxe-zaintzako epaile Ruth Alonso izan zen saritua, espetxe arloko gizarteratzearen eta birsozializazioaren esparruan bere programetan egindako lanagatik eta ibilbideagatik. Gainera, zigortutako pertsonen bizi-baldintzak duintzen egindako ahaleginagatik nabarmendu zen.