Eusko Jaurlaritzak Onkologikoa Osakidetzan integratzeko dekretua onartu du

0
  • Osasun-zentroa ezarritako datan sartuko da baliabide publiko gisa: ekainaren 30ean
  • 2027rako aurreikusitako protonterapiako ekipoarekin batera, urrats honek Donostia Unibertsitate Ospitalea onkologiako erreferentziazko mugaz gaindiko zentro bihurtuko du Euskadin eta Europan

Gobernu Kontseiluak Onkologikoa Osakidetza ente publikoan titulartasun publikoko baliabide gisa integratzeko dekretua onartu du gaur.

Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Alberto Martínezek joan den otsailean Legebiltzarrean iragarri zuenez, integrazioa datorren ekainaren 30ean gauzatuko da, gaur baliozkotutako dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzearekin batera. Dekretu horretan, osasun-zentro hau Euskal Osasun Zerbitzuaren sarean organikoki eta funtzionalki txertatzeko baldintzak ezartzen dira.

Osasuneko sailburuak berak nabarmendu du urrats honen garrantzia, 2027an protonterapiako ekipoa abian jartzearekin batera, Donostia Unibertsitate Ospitalea Euskadi eta Europako onkologiako erreferentziazko mugaz gaindiko zentro bihurtuko baitu. Herrialde-mailako ekimen bat da, Gipuzkoari, Bizkaiari, Arabari, Nafarroari eta Iparraldeari asistentzia emango diena.

Imanol Pradales lehendakariaren gobernuak gaur berretsitako dekretuaren arabera, integrazio honek berekin dakar Osakidetza subrogatzea Onkologikoan diharduten langile sanitarioen zein ez-sanitarioen lan-eskubide eta -betebeharretan. Guztira, 297 pertsona (horietatik 232 finkoak) Donostialdea ESIra atxikita geratuko dira.

Hori guztia gauzatuko da osasun-zentroan indarrean dagoen hitzarmen kolektiboaren aplikazio-esparruko lan-kontratu batean, hura integratzen den unean. Integraziotik kanpo geratzen dira, berariaz, hitzarmen kolektibotik kanpoko akordio indibidualak dituzten langileak eta goi-zuzendaritzako kontratuei lotutakoak.

Konplexutasun administratibo, juridiko eta laboral ikaragarriko prozesu hau era batera edo bestera gauzatzen lagundu duten pertsona guztien lana eta ahalegina eskertu du Osasuneko sailburuak. Orain, dekretu horretan islatzen da prozesua, Osasun Sailak iazko urrian berriro tramitatzea erabaki zuena, Donostialdea ESIko profesionalei entzuteko prozesu bat aktibatu ondoren. Horren guztiaren xedea da proiektuaren azken helbururako antolaketa-eredu egokiena zehaztea, hau da, Euskadin onkologiako erreferentziazko zentro bat izatea. “Azken emaitzak bidea emango du garapen sanitarioaren horizonte bat irekitzeko, euskal gizarte osoarentzat eragin positiboa izango duena eta Euskadi onkologiaren arloan nazioartean kokatzeko aukera emango duena”, nabarmendu du Alberto Martínezek.

 

Prozesuaren kronologia

2018ko irailaren 8a.- Indarrean jartzen da 127/2018 Dekretua, irailaren 4koa, zerbitzu sanitarioak emateko titulartasun pribatuko eta irabazi-asmorik gabeko zentro sanitarioekin atxikimendu-hitzarmen espezifikoak izenpetzeko betekizunei eta prozedurari buruzkoa.

2018ko irailaren 11.- Onkologikoa Fundazioko presidenteordeak eskatzen du Onkologikoa Fundazioaren eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren artean atxikimendu-hitzarmen bat sinatzeko prozedura hasteko.

2018ko abenduaren 27a.- Osasun Sailaren eta Onkologikoa Fundazioaren arteko atxikimendu-hitzarmena sinatzen da osasun-zerbitzuak emateko. Osakidetza – Euskal Osasun Zerbitzuko osasun-zerbitzuekin funtzionamendu integratua lortzeko, osasun-zentroak (Onkologikoa Fundazioari dagokio) bere jarduerak egokituko ditu Osasun Sailak eta Osakidetza – Euskal Osasun Zerbitzuak hartzen dituzten plangintza-erabakietara.

2023ko abenduaren 29a.- EHAAn argitaratzen da 21/2023 Legea, abenduaren 22koa, EAEko aurrekontu orokorrak onartzen dituena. Haren hamalaugarren xedapen gehigarrian adierazten da Onkologikoa osasun-zentroaren integrazioa Osakidetza – Euskal Osasun Zerbitzua ente publikoan.

2024ko apirilaren 26a.- EAEko Administrazio Orokorraren, Osakidetzaren eta Onkologikoa Fundazioaren arteko lankidetza-hitzarmena sinatzen da, alderdien eskubide eta betebehar guztiak adosteko, Onkologikoa Fundazioa proposatutako fundazioaren osasun-zentroko aktibo, pasibo eta harreman juridiko guztiak EAEko Administrazio Orokorrean integratzeko.

2024ko maiatza.- Onkologikoa osasun-zentroa integratzeko baldintzak ezartzen dituen dekretua prestatzeko prozedura hasten da, Osasuneko sailburuaren, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren baterako Aginduaren bidez.

2024ko urria.- Donostialdea ESIko profesionalei entzun ondoren, Onkologikoa osasun-zentroa integratzeko dekretuaren tramitazioa berrabiarazten da, zentro onkologiko monografiko bat sortzeko hasierako proposamena ezabatuta.

2025eko ekainaren 24a.- Gobernu Kontseiluak integraziorako Dekretua onartzen du.

2025eko ekainaren 30a.- Integraziorako Dekretua EHAAn argitaratzea