Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Gazteak Lankidetzan programaren edizio berri bat abiarazi du. Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak eta eLankidetzak bultzatutako programa honen helburua Euskadiko gazteak hegoaldeko herrialdeetako lankidetza-ekintzetan sentsibilizatzea da. Era berean, euskal gazterian herrien eta kulturen arteko elkartasun-kultura sustatu nahi ditu. Programa beteranoa da, 1993an egin zen lehen edizioa, eta 2025ean Euskadiko 52 gaztek lankidetza-lanak burutu ahalko dituzte mugetatik urrun: Bolivia, Kolonbia, Ekuador, Guatemala, Honduras, Mexiko, Peru, Ginea eta Senegalen. Hainbat euskal GKEren 21 proiektutan parte hartuko dute.
Gazte batzuk Tijuanako mugan, AEB-Mexiko artean dabiltzan etorkinekin lanean arituko dira. Beste batzuk, Ginea Conakryn, Guatemalan eta Hondurasen emakumeen ahalduntze prozesuetan eta osasun eskubideen bermean. Besteren batzuk Kolonbian desgaitasunen bat daben ume txikien hezkuntza prozesuan buru-belarri. Peru izango da gazte kooperanterik gehien (20) jasoko dituen herrialdea. Asociación Servicio de la Solidaridad San Viator (SERSO) elkarte arabarraren proiektuetan lagunduko dute. Proiektuetako batek Hogar Belen du izena eta La Esperanzan duten aterpean emakume bortxatuei ematen zaien arretan oinarritzen da.
Lankidetza programa hauek guztiak honako gobernuz kanpoko erakundeek antolatzen eta kudeatzen dituzte: Salesianos, Ayuda en Accion, Solidaridad Internacional, Medicus Mundi Bizkaia, Halipular, Asociación Africanista Manuel Iradier, Serso San Viator Euskadi, Asociación Jorge Adolfo Freyter, Arabako Elizbarrutiko Misioak eta Hermanas Pasionistas de Irun. Gazteak Lankidetzan programa 22 eta 30 urte bitarteko pertsonei zuzenduta dago. Hautatuak izanez gero, Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeekin lankidetza-ekintzak egin ahal dituzte hiru hilabetez, eta Amerika, Asia eta Afrikako herrialdeetan garapenerako lankidetza-ekintzetan zuzenean parte hartzen dute. Horri esker, ekintza horien garapena bertatik bertara ezagutu ahal dute. Gastuak Eusko Jaurlaritzak ordainduko ditu: bidaia-kostuak eta, hala badagokio, hautatutako pertsonak helmugako herrialdean sartzeko bisatua. Atzo arratsaldez Lakuan egin zen ekitaldian gazteei euren bidaia txartela eta motxila eman zitzaien. Bere 31 urteko historian, 2.500 gaztek baino gehiagok parte hartu dute programan, eta 100 GGKE baino gehiagorekin elkarlana egin da.