Aldi honetako batez besteko tenperatura 1991-2020 aldiko batez besteko normala baino 0.8 ºC altuagoa izan da
Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, udaberri meteorologikoa (martxoa, apirila eta maiatza) lehorra izan zen Kantauri isurialdean eta bustia Mediterraneo isurialdean, eta batez besteko tenperatura oso beroa izan zem, 1991-2020 aldiko batezbesteko normala baino 0.8 ºC altuagoa.
Euskalmeten arabera, hiruhilekoan zehar bilakaera oso ezberdina izan zen. Izan ere, martxoa beroa izan zen itsasertzean eta barnealdean normala, eta apirila oso beroa izan zen. Maiatzean, berriz, tenperaturak normaltzen joan ziren.
Martxoaren 13tik 17ra bitarteko egunak izan ziren udaberriko hotzenak eta egunetik egunera izotza leku gehiagotan egin zuen; ala, hilaren 17a egunik hotzena izan zen eta Mediterraneo isurialde osoan izotza egin zuen (Subijana -5.5 ºC, Navarrete -5, Kanpezu -4.9 eta Salvatierra -4.7). Banalerroaren beste aldean neurtutako balioak ere aipatzeko modukoak izan ziren (Berastegi -2.8 ºC, Balmaseda -2, Muxika -1.6, Mañaria -1.5 eta Inurritza -0.2 ºC).
Tenperatura minimo altuenei dagokienez, maiatzaren 30eko goizaldean neurtu ziren, eta goizalde tropikala izan zen kostaldeko eta mendialdeko hainbat lekutan, 20 ºC-tik gorako tenperaturak erregistratuz (Jaizkibel 24 °C, Matxitxako 23.8, Untzueta 22.1, Oiz 21.5, Cerroja 21.3, Zarautz 20.7, Almike, Bermeo, 20.7, La Garbea 20.6 eta Zegama 20.3).
Tenperatura maximo absolutuak maiatzaren 29tik 31ra bitartean neurtu ziren. Horrela, hilaren 29an 32 ºC-ak gainditu ziren barnealdeko leku askotan (Albaina 34.6 °C, Areta 34.6, Galdakao 34.5, Moreda 34.5, Igorre 34.5, Orozko 34.5, Iurreta 34.4 eta Balmaseda 34.4), eta 35 ºC-ak Kantauri mendebaldeko bailaretan (Saratxo 36.1 °C, Gardea 35.6, Ordunte 35.5, Abusu 35.4, Berna 35.4, Zalla 35.3 eta Jarralta 35.2). Estazio horietako batzuetan maiatzeko tenperatura maximoen errekorra hautsi zen.
Tenperatura horiekin batera, intsolazioa normalean baino handiagoa izan zen, batez ere Kantauri isurialdean, non % 10-20 eguzki ordu gehiago izan ziren. Mediterraneo isurialdean eguzki-orduen kopurua normalagoa izan zen, % 4 inguru gehiago. Udaberri osoan, Bilbok 523 eguzki-ordu izan ditu, Donostiak 538 eta Gasteizek 527.
Prezipitazioei dagokienez, metatu altuenak lurraldearen ekialdean neurtu ziren, eta aipatzekoak dira Kanpezu (Eskas 531.3 l/m², Añarbe 456.7, Berastegi 428.7, Kanpezu 395.6, Ilarduia 385.9 eta Zegama 383.3) eta Kantauri eta Mediterraneo isurialdeko banalerroko beste hainbat puntu (Urkiola 430 l/m² Otxandio 403.8 eta Sarria 384.3). Metatu baxuenak, aldiz, Ebro ondoko eskualdean (Páganos 167.5 l/m², Moreda 168.3 eta Nanclares 206.2) eta Bizkaiko ipar-mendebaldean (Arboleda 167.4 l/m², Zalla 197.7, Zorrotza 202, Abusu 203.7 eta Galindo 208.9) erregistratu ziren.
Mendea hasi zenetik, balio horiek erdibidean daude EAEn, baina Mediterraneo isurialdekoak udaberri hezeenetatik ez daude hain urrun. Euri-egunen kopurua batez besteko klimatologikoa baino handixeagoa izan zen, batez ere Arabako hegoaldean. Biribilduz, 40 egun inguru izan ziren Kantauri isurialdean eta 30 egun Mediterraneo isurialdean
Muturreko meteorologiari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak 52 abisu hori aktibatu zituen udaberrian: 1 prezipitazio iraunkorrengatik, 10 prezipitazio handiengatik, 3 elurragatik, 13 haizeagatik haizeguneetan, 10 haizeagatik haizeguneak ez diren lekuetan, 2 olatuen altueragatik nabigaziorako, 4 kostaldeko inpaktuagatik, 4 izotzagatik eta 5 basoko sute arriskuagatik.