Lehendakariak “pertseberantzia” eta “autoexijentzia” eskatu die bere sailburuei gizartearen eskaerari erantzuteko beren lanean

0
  • “Arriskatu ezazue. Zuek arriskatzea nahi dut. Urtebete geroago esan dezakegu bide onetik goazela. Gure arrakastekin eta baita gure akatsekin ere”, eskatu du Lehendakariak
  • Europako proiektu partekatuaren eraikuntzan Euskadik aitzindaritzan egon behar duela defendatzen du, Bakea, Askatasuna, Justizia soziala, Demokrazia eta Bizikidetza balioak blindatuta

Lehendakariak eguneroko lanean “pertseberantzia” eta “autoexijentzia” eskatu die bere gobernua osatzen duten sailburuei, Eusko Jaurlaritzako buru gisa egindako bigarren urtearen hasieran, “ekimena markatzen” jarraitzeko, ereiten jarraitzeko ondoren jaso ahal izateko”. “Egunez egun, zalantzarik eta distrakziorik gabe. Euskal herritarren eskaerei eta arazoei erantzunez”, adierazi du. “Sentsibilitate emozionala duen politika” egitea azpimarratu du, pertsonei entzuteko, haien lekuan jartzeko eta bizitza hobetzen laguntzeko, gure mugak onartuta.

Imanol Pradales Gobernu Kontseiluko buru izan da gaur goizean, asteartero bezala. Oraingo honetan, Ajuria Enea Jauregian egin da, iaz lehen aldiz sailburuekin leku horretan bertan izandako bileraren urteurrenean. Legegintzaldiko lehen urte honetan, Eusko Jaurlaritzak osasunaren, etxebizitzaren edo enpleguaren arloko premiazko gaiak jorratu ditu, Euskadiren etorkizuna eraikitzeko ekimenekin eta Euskadiren nazioarteko proiekzioari eta autogobernuari dagokienez aurrera egiteko ekimenekin.

Hamabi hilabete geroago, lehendakariak bere garaian sailburuei helarazi zien mezua berretsi du: “Arriskatu ezazue. Zuek arriskatzea nahi dut”. Urtebete geroago esan dezakegu bide onetik goazela. Gure arrakastekin eta baita gure akatsekin ere. Ekintza-gobernua gara, ziurgabetasunez betetako ingurune batean arriskatzen duena. Egiten dugun horretan sinesten dugu. Eta egiten dugun moduan sinesten dugu. Helmugara iristea bezain garrantzitsua baita bidea, helmugara iristeko erabiltzen duguna”. Eta, bere inbestiduran esan zuen bezala, Imanol Pradalesek “huts egitearen aldeko apustua” egin du, “pausoa eman ez izanaz damutzearen ordez”.

Imanol Pradalesek gogorarazi du Jaurlaritzaren bide-orriak ezarritako helburuak dituela, eta honako hauek direla: euskal zerbitzu publikoak indartzea eta hobetzea; Euskadiren etorkizuna prestatzea, eraldaketa handietan inbertituta; eta komunitate-sena indartzea, herrialde gisa eta ongizatean hazteko. Bide hori, azpimarratu duenez, gizartearekin batera egin behar da, “betiko bidelaguna” bidaia honetan, eta haren lankidetza ezinbestekoa da hartu beharreko neurrietan “asmatu” ahal izateko. Eta beti elkarrizketarako eta akordiorako etengabeko prestasunarekin.

Borrokei azkena ematea

Era berean, lehendakariak bere hitzaldian nabarmendu duenez, lehen urte honetan ziurgabetasuna areagotu egin da nazioarteko testuinguruan, eta hori, bere ustez, ez da inguruabar puntual baten emaitza, “bizi dugun garaiaren ezaugarri nagusiaz ari gara”.

“12 hilabetean munduaren argazkia are gehiago aldatu da. Eta ziurgabetasuna, arindu beharrean, areagotu egin zaigu egunez egun, nabarmen”, esan du Trumpek asteburuan agindutako bonbardaketa adibidetzat jarri ondoren. “Euskadin, borrokak eteteko deia egiten dugu. Diplomaziak armen ordezkoa har dezan. Elkarrizketak hainbeste indarkeriaren ordezkoa har dezan”, aldarrikatu du.

Populismoen eta totalitarismoen hazkunde “kezkagarriari” laguntzen dion ezegonkortasun globalak, lehendakariak gogorarazi duenez, Europaren biziraupena bera “jokoan” egotea dakar. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak Europako proiektua eta bere sorrerako balioak indartzen jarraitu behar du, alegia: Bakea, Askatasuna, Justizia soziala, Demokrazia eta Bizikidetza.

“Une historiko honetaz jabetu beharrean gara, harro egon europarrak izateaz eta lortu dugunaz, eta, etsi beharrean, sinesten dugun horren alde lan egin behar dugu: Europa gehiago eta hobea. Euskadik aitzindaritzan egon behar du proiektu partekatu honen eraikuntzan, garenaren eta izan nahi dugunaren oinarri diren balio horiek blindatuta”, esanez amaitu du.