Susana García Chuecak Europako erakundeei eskatu die ondoko Estatuari “exijitu” diezaiotela arlo honetan hartutako konpromisoak bete ditzala.
Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburua Bruselan izan da asteazken honetan, TEN-T (Trans European Transport Network) sarearen 20. urteurrena dela eta. Sarearen helburua da Europar Batasuneko estatuen arteko mugaz gaindiko mugikortasun jasangarria sustatzea, aurrez estrategikotzat jotako mugikortasun-ardatzen bidez. Topaketan parte hartu dute ere Apostolos Tzitzikostas Europar Batasuneko Garraio komisarioak eta Óscar Puente Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren ministroak. Bertan, Euskadiko Garraio arduradunak abiadura handiko trenbide-sarea ezartzeari dagokionez “Estatuek hartutako konpromisoak aldarrikatzeko” beharra azpimarratu du.
García Chuecak Frantziako Gobernua seinalatu du, esanez Akize eta Hendaia arteko abiadura handiko trena heltzeko ezarritako epeak ez dela ari betetzen Europako erakundeek eskatutako epean (2030). “Frantziak ahalegin handiagoa egin behar du azpiegitura hori mugaren beste aldean ezartzeko”, esan du Belgikako hiriburuan. Ildo horretan, bultzada hori “exijitzeko” eskatu die Europako erakundeei, “eskura dituzten tresna guztiekin, behar izanez gero zigorrak ere erabilita”.
“Espainia urratsak ematen ari da abiadura handia mugaraino irits dadin, eta Eusko Jaurlaritza bat dator ahalegin horretan, Euskal Y-aren lanen zati bat bere gain hartuta”, esan du sailburuak. Adierazi duenez, Saila EAEko hiru probintzietan ari da lanean, hainbat fasetan, abiadura handiko azpiegitura eraikitzen laguntzeko. Besteak beste, Donostiako tren-geltokia amaitzen ari da Eusko Jaurlaritza, eta Adifek agindutako lanetan amaitu du Gipuzkoako adarraren plataforma; abiadura handia Bilboko erdigunera (Abandoko geltokira) eramango duen 6 kilometroko tunela eraikitzeko proiektua idazten ari da, eta laster esleituko du Arkautiko lotunea eraikitzekoa, Araban, abiadura handiko trenak gainerako Euskal Y-ari banatzeko gune estrategikoa.
Proiektu horiek guztiak Euskal Trenbide Sarea (ETS) Sailaren menpeko erakunde publikoaren bitartez ari dira egikaritzen, Adif estatuko trenbide-administratzaileak aginduta.






