Ubarretxenak azpimarratu du Gardentasunaren lege-proiektua tresna garrantzitsua dela Euskadiko kultura demokratikoa indartzeko

0
  • Euskara babesteko beharra azaldu du bozeramaileak eta Jaurlaritzak Legebiltzarreko proposamenak aztertuko dituela adierazi du euskarari babes juridiko handiagoa emate asmoz
  • Osasun Itunaren harira, bozeramailea pozik agertu da lehen aldiz profesionalei entzun zaielako “profesionalak adostasunera batu dira eta orain adostasun horiek martxan jartzea tokatzen da”

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu Maria Ubarretxena elkarrizketatua izan da, gaur goizean, Naiz Irratian. Elkarrizketan, gaurkotasuneko gaien inguruan mintzatu da, hala nola, Gardentasunaren Legea, Osasun Ituna edota Enplegu Publikoaren legearen aldaketak, Hizkuntza eskakizunei dagokienean .

Gardentasun Legearen inguruan, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak azpimarratu du gobernu irekian aurrera eragiteko, kultura demokratikoa indartzeko eta herritarren eta erakundeen arteko hartu-emana hobetzeko tresna garrantzitsua izango dela, “informazioa emateaz gain, egun baditugulako hainbat atari herritarrei informazioa emateko, berrikuntzak ekarriko ditu legeak, batez ere, herritarrei informazioa ematea bermatzeari dagokionean”. Zentzu horretan, herritarrak babesteko helburuarekin, Gardena Gardentasunaren Euskal Agintaritza sortzea aurreikusten du legeak. “Legeak bere bidea egingo du legebiltzarrean, talde politikoek aukera dute emendakinak aurkezteko, espero dugu adostasun zabala lortzea, Euskadik 2026an Gardentasunaren Legea izan dezan”.

Osasun Itunaren harira pozik agertu da bozeramailea lortutako adostasun zabalarekin “lehen aldiz profesionalei entzun zaie; profesionalak adostasunera batu dira eta orain, adostasun horiek  eta ildo estrategikoak martxan jartzea tokatzen da”. Itunetik kanpo geratu direnei erreferentzia eginez, Ubarretxenak esan du, arlo politikoa dela kanpo geratu dena, arrazoi eta taktika politikoak medio. “Adostasuna egon da lehen fasean, baita bigarren faseko balio eta printzipioetan, 24 lan ildo estrategikoak zehaztu direnean baita ere, eta azken fasean, erabakiak hartu behar izan direnean, ezezkoan errotu dira; pena da, uste genuen, denok bat egingo genuela herrialde honek duen erronka bati guztiok elkarrekin aurre egiteko”.

Enplegu Publikoaren Legearen hizkuntza eskakizunei buruz galdetuta, Ubarretxenak esan du Jaurlaritzak beharra ikusten duela euskara babesteko, “euskara ezin da gatazka izan lan eskaintza publikoetan” gaineratu du, “horrek arduratu eta kezkatzen gaitu”. Bozeramaileak azaldu du 1982tik indarrean dagoen legeak bere ibilbidea egin duela eta tartean ez dela arazorik izan, baina azken boladan Lan Eskaintza Publikoak auzian jarri direla. “Legebiltzarreko proposamenek segurtasun juridikoa ematea dute helburu, ondo aztertu beharko ditugu proposamenak helburuak betetzeko” esan du Maria Ubarretxenak.

Kultur sorkuntza legearen inguruan bozeramaileak argitu du horrelako lege bat garatzeko beharrezkoa dela laguntza tekniko-juridikoa espezializatua, “euskal kultur  sistemaren ezagutza Jaurlaritzak eta bertako langileek dute eta lizitazio publiko bidez kontratatua izan den enpresak laguntza juridikoa baino ez du eskainiko; legea, gainera, era kolaboratiboan garatu nahi da, eragileekin eta sektorearekin, eta beraz, uste dut lega hau aukera paregabea dela gure kultura eta euskara balioan jartzeko”.

Amaitzeko,  industriaz eta industria planaz mintzatu da Ubarretxena eta egungo egoera geopolitikoaren aurrean industria babesteko beharra azpimarratu du, “industria zaindu beharreko altxorra da eta prestatuak egon behar dugu etorkizunari aurre egiteko”. “Une honetan erabaki garrantzitsuak hartuko dira Europan industriari begira,- jarraitu du bozeramaileak- eta guk erabakiorrak izan nahi dugu Europan Euskadik baduelako ekosistema garrantzitsu bat; etorkizunera begira aukerak ikusten ditugu eta aukera horiek baliatu behar ditugu”. Zentzu horretan, industriaren garrantzia mantendu eta indartzeko helburuaren baitan kokatu du Ubarretxenak Industria sailak  garatu eta aurkeztu berri duen Industria Plana.

“Plan horretan identifikatu dira etorkizunera begira Euskadirentzat interesgarriak izan daitezkeen eta aukera berriak sor ditzaketen sektoreak, hala nola, aeronautika; planak jartzen du begirada etorkizunean, eta herri honek izan dezakeen ibilbidean eta apustua da industria arloan are eta garrantzitsuagoak izatea”.