Eusko Jaurlaritzako Europako Gaien zuzendariak EBren papera aldarrikatzen du “Bakearen eta Europar Batasunaren paperaren ikuspegiak mundu multipolar batean” ikastaroan

0
Eusko Jaurlaritzako Europako Gaien zuzendariak, Mikel Antonek, uztailaren 3an eta 4an Donostiako Miramar Jauregian ospatzen ari den EHUren «Bakearen eta Europar Batasunaren paperaren ikuspegiak mundu multipolar batean» Udako Ikastaroan parte hartu du
EuroBasquek antolatutako ikastaroak, EHUren Udako Ikastaroen programazio ofizialaren barruan sartzen dena, Europan eraikitako bake ereduari eta egungo testuinguru geopolitiko globalean duen proiekzioari buruzko hausnarketa proposatzen du. Nazioarteko adituekin egindako hitzaldi eta mahai-inguruen bidez, bakeari buruzko ikuspegiak aztertzen dira Brasil, Errusia, Mendebaldeko Afrika, India, Pakistan eta Estatu Batuak bezalako eskualdeetatik.
Bere hitzaldian, Antonek Europar Batasunaren sorrerako balioak babestu eta indartzearen garrantzia azpimarratu du, eta, aldi berean, egungo egoeraren konplexutasuna nabarmendu du, bai Europan, bai maila globalean, baita testuinguru horrek bakea kudeatzeko eta mantentzeko planteatzen dituen zailtasunak ere.
Antonekin batera, Irune Zuluaga EuroBasqueko presidenteak, Ion Gambra Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren zuzendari nagusiak, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak eta Idoia Otaegui Udako Ikastaroen zuzendariak hartu dute parte.
Diplomazia, segurtasuna, justizia eta bakea ikuspegi kritiko eta pluraletatik
Ikastaroaren bi jardunaldietan zehar, arlo akademikoko, instituzionaleko eta diplomatikoko pertsona garrantzitsuek diplomazia, segurtasuna, justizia eta bakeari buruzko analisiak partekatuko dituzte ikuspegi kritiko eta pluraletik. Hizlarien artean honako hauek nabarmentzen dira: Juca Ferreira, Brasilgo Kultura.
ministro ohia; Pavel Baev, Osloko Peace Research Institutekoa; Levinia Addae-Mensah, West Africa Network for Peacebuilding (WANEP) erakundeko zuzendaria; Shubhra Sharma, Indiako enbaxadakoa; Muhammad Adeel, Pakistanek Bruselan duen enbaxadakoa; Mira Milosevich, Real Elcano Institutukoa; eta Xabier Irujo, Nevadako Center for Basque Studies-eko zuzendaria.
Era berean, ikastaroan mahai-inguru bat egingo da «Bakea bazterretatik» izenburupean. Mahai-inguru horretan bakearen inguruko ikuspegi alternatiboak eta komunitarioak jorratuko dira, migrazioei, feminismoari eta erreparazio-prozesuei arreta berezia eskainiz. Mahai-inguruan Deustuko Unibertsitateko Araitz Peña eta Idurre Mendibil, eta Gernika Gogoratuz-eko Sara Nicholson eta Maitane Zarate izango dira.