Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, ekaina erabat beroa izan da, eta 1970etik izan den ekainik beroena da, 2003koaren antzeko balioekin.
Euskalmeten arabera, kostaldeko batez besteko tenperatura 20-21 ºC ingurukoa izan da eta Arabako Lautadan, berriz, 19 ºC-tik gorakoa, gutxi gorabehera 3.1 ºC 1991-2020 aldiko batezbestekoaren gainetik. Horrela, eguneroko tenperaturen bilakaerak erakusten du egun beroak izan direla nagusi, 6-8 ºC-tik gorako anomalia oso nabarmenekin hainbat egunetan.
Hilaren 9tik 13ra bitartean, Penintsularen hego-mendebaldetik sartutako aire beroak tenperaturak igotzea eragin zuen, eta hilaren 10a eta 13a izan ziren beroenak. Izan ere, hilaren 10ean 30 ºC-ak gainditu ziren barnealdeko zenbait lekutan, eta 35 ºC-ra ere iritsi ziren leku jakin batzuetan (Etura 35.8ºC, San Prudentzio 35.8, Zambrana 35.5, Gasteiz 35.1 eta Salvatierra 35).
Kostaldetik hurbil, tenperatura maximoak 25 ºC-tik beherakoak izan ziren itsasoko brisaren eraginez, baina hilaren 11n hodeiak ugaritu ziren eta balio altuenak itsasertzean erregistratu ziren (Behobia 33 ºC, Higer 32.6 eta Zorrotza 31.8). Hilaren 13an hego-haizea nabaritu zen eta beroak batez ere Kantauri barnealdeari eragin zion (Sodupe-Cadagua 35.1 ºC, Gardea 34.7, Zalla 34.4, Alegia 34.4 eta Zizurkil 34.3).
Hilaren 18tik 21era bitartean, Afrikako aire beroa sartu zen, eta bero-boladako baliorik altuenak hilaren 20an erregistratu ziren, 38-39 ºC-ko tenperatura maximoekin Kantauriko haranetan (Gardea 39.1 ºC, Galdakao 38.8, Balmaseda 38.7, San Prudentzio 38.6, Sodupe-Cadagua 38.6, Igorre 38.5, Areta 38.4 eta Saratxo 38.3). Hilaren 21ean, Kantauri isurialdeko zati handi batean maximoek behera egin zuten, eta beroak batez ere Arabari eragin zion (Zambrana 36.7 ºC, Espejo 36.2, Páganos 35.8 eta Etura 35.7).
Hilaren 22an eta 23an, tenperatura maximoak 32 ºC-tik gora mantendu ziren Araban, eta 24an tenperaturek berriz ere gora egin zuten eta 30 ºC-ak gainditu ziren orokorrean. Baliorik altuenak berriz ere Kantauriko haranetan erregistratu ziren (Sodupe-Cadagua 38 ºC, San Prudentzio 37.9, Gardea 37.8, Galdakao 37.5, Igorre 36.9, Areta 36.9 eta Saratxo 36.7). Ekaina beste bero-bolada batekin amaitu zen, hilaren 28tik 30era bitartean, Afrika iparraldeko beste aire-masa bero bat sartu izanaren ondorioz.
Tenperatura minimoei dagokienez, deigarriak dira hilaren 20 eta 30eko goizaldean eta lehenengo orduetan mendi inguruetan eta itsasertzetik gertu erregistratutakoak (Oiz 24.2 ºC, Higer 22.6, Orduña 22.5, Santa Clara 22.5 eta Behobia 22.3), eta horietako batzuek ekaineko serieetako errekorrak hautsi zituzten.
Tenperatura horiekin batera izan den intsolazioa normala baino handiagoa izan da, eta eguzki-orduak % 15-20 gehiago izan dira, Gipuzkoako ipar-ekialdean izan ezik, datu hori espero zitekeenetik hurbil geratu baita. Hiriburuz hiriburu, Bilbok 214 eguzki-ordu izan ditu, Donostiak 196 eta Gasteizek 259.
Prezipitazioari dagokionez, ekaina, orokorrean, ohikoaren eta hezearen artekoa izan da. Prezipitazioa bereziki ugaria izan zen Gipuzkoako hainbat lekutan, hala nola Goierrin edo Tolosaldean, eta argi eta garbi urria izan zen Trebiñutik Debagoienera doan tartean eta Enkarterrietan. Mende honi dagokionez, balio horiek tarteko posizioan daude.
Hilaren 13an, Penintsularen ipar-mendebaldean kokatutako aska barometrikoak ezegonkortasun handia eragin zuen. Arratsalde erdian, bi ekaitz gune sortu ziren Gipuzkoako kostaldean eta Arabako ekialdean, eta 2-3 cm-rainoko txingorra utzi zuten. Iluntzea baino lehen, Nafarroatik zaparrada trumoitsuak sartu ziren Gipuzkoa ekialderantz, eta bi ordu baino gehiagoan leku berean geldikor egon ziren, birsortzen eta zenbait tokitan zaparrada oso handiak eraginez, kasu batzuetan euri-jasak (Alegia 75.1 l/m² ordubetean, Añarbe 53.71 l/m²/h , Belauntza 45.5 1 l/m² /h, Araxes 43.8 1 l/m² /h, Agauntza 41 1 l/m² /h eta Ereñozu 38.3 1 l/m² /h).
Ordu gutxitan, pilatutako kantitateak 60 l/m²-tik gorakoak izan ziren (Alegia 108.7, Añarbe 78.8, Araxes 71.4, Belauntza 69.5 eta Ereñozu 68.1). Zaparrada handien ondorioz, erreken mailek oso azkar egin zuten gora eta gorabehera ugari izan ziren batez ere Goierrin eta Tolosaldean, gehienak uholdeen ondorioz.
Hilaren 24an, Penintsularen mendebaldean kokatutako DANA batek ekaitzak eragin zituen, eta oso azkar mugitu ziren. Zaparrada trumoitsuak zabaldu egin ziren, eta egun hori hilabeteko egun euritsuena izan zen, EAEan batez besteko prezipitazioa 14.4 l/m²-koa izan baitzen. Ekaitz horiekin lotuta, guztira 14.624 tximista izan ziren, 8.045 Araban, 3.341 Bizkaian eta 3.238 Gipuzkoan.
Prezipitazio-egunen kopurua batezbesteko klimatologikoa baino 1-2 egun handiagoa izan zen, 12-13 egunekoa itsasertzean eta 6 bat egunekoa Arabako Lautadan.
Muturreko meteorologiari dagokionez, ekainean Eusko Jaurlaritzak 25 abisu hori igorri zituen, (11 prezipitazio handiengatik, 4 tenperatura altu iraunkorrengatik eta 10 muturreko tenperatura altuengatik) eta 2 alerta laranja prezipitazio handiengatik.






