Eusko Jaurlaritzak emantzipazioa erraztuko die Euskadin gazteei eta 40 urtetik beherakoei, lehen ohiko etxebizitza eskuratzeko abal-lerro baten bidez

0
PRUEBA
  • Gehienez 340 mila euroko prezioa duten higiezinen erosketan ezarriko da
  • Finantzaketa 40 urtetik beherakoei bideratuta dago eta lehenengo etxebizitza baten erosketan bankuek bermatzen ez duten %20ko kopurua ordaintzeko lagungarria izango da
  • Eusko Jaurlaritzak onartzen duen mota honetako lehen programa da eta abalak irailean emateko moduan egongo lirateke

Eusko Jaurlaritzak abal lerro bat onartu du gaur gazteei lehen etxebizitza erosten laguntzeko. 144 milioi euroko zuzkidurarekin, asmoa da 18 eta 39 urte bitarteko pertsonen hipoteken finantzaketa osatzea.

«Etxebizitza erosteko behar diren aurrezkiak izateko zailtasun handiena duen gizartearen segmentua da. Helburua, 2029ra arte, 3.000 etxebizitza mobilizatzea da, baita abalen horma eraistea ere. Horma hori, etxebizitza bat erosi nahi duten gazte askok emantzipaziorako garaian aurrez-aurre topatzen dutena da” azpimarratu du Nerea Melgosak, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak.

 

Eskatzaileek bete beharreko ezaugarriak

Neurri honen onuradun izan daitezke Euskadin gutxienez azken bost urteetako bitan bizi izan diren pertsonak, baldin eta haien diru-sarrerak urtean 50.400 eurotik gorakoak ez badira eskatzaile bakarra izanez gero, edo 86.400 eurotik gorakoak bi badira.

Ezin izango dute programarekin bat egin aurretik beste etxebizitza baten jabe direnek. Arlo honetan honakoa salbuespenak daude: herentzia bidez  etxebizitza baten zati baten jabe direnak, etxebizitza horretaz gozatu ezin duten banandu edo dibortziatuak edo sasi-etxebizitza baten jabeak.

Nahitaezkoa izango da higiezina ohiko etxebizitza iraunkor gisa erabiltzea, gutxienez abala indarrean dagoen bitartean; horrek esan nahi du ezingo dela alokatu, eta mailegua ezingo dela negozio-lokalak erosteko erabili.

 

Abalaren estaldura

Abalak tasazioaren eta salerosketaren arteko gutxieneko balioaren % 80tik % 100era arte estaliko du. Finantza-erakundeek edo bankuek emandako hipotekek normalean estaltzen ez duten % 20ko balioa da. Beti ere, Euskadin kokatutako higiezinetarako (berriak edo bigarren eskukoak) eta erosteko gehieneko prezioa 340.000 eurokoa bada. Gehieneko prezio hori ezartzeko orduan, Eusko Jaurlaritza Euskadiko Higiezinen Erregistro Estatistikako 2024ko datuetan oinarritu da, etxebizitzen kopuruari eta batez besteko prezioari buruzko informazioarekin lotuta.

Hipoteken baldintzak programarekin kolaboratzen duten finantza-erakundeek eta eskatzaileek erabakiko dituzte.

 

Eskatzaile posibleen adibideak

I .- Anek (27 urte) eta Mikelek (28 urte) lau urte daramatzate alokairuan, euren diru-sarrerak ez dira (urtean) 86.400 eurotik gorakoak, eta uste dute une egokia dela lehen etxebizitza erosteko (200 mila euro). Bankuak eskaintzen dien hipotekak etxebizitzaren prezioaren % 80raino estaltzen du, baina Aneren eta Mikelen aurrezkiak ez dira gainerako % 20aren ordainketari aurre egiteko beste.

Mikel eta Ane abalen programari atxikitako finantza-erakunde edo banku batera

joaten dira, eta haien kasua azaltzen dute. Hipotekaren % 100 behar dute, baina bankuak % 80 baino ez dio ematen. Badakite Eusko Jaurlaritzaren abala eskatzeko adina, diru-sarrerak eta baldintzak betetzen dituztela, eta bankuari hipotekaren % 100 nahi dutela esaten diote. Gobernuaren % 20ko abala nahi dute etxebizitza erosi ahal izateko; beraz, bankuak eragiketa aztertzen du, eta positiboa bada, hipotekaren % 100 ematen die.

Jaurlaritzaren abalak Ane eta Mikel hipotekaren % 80ko ordainketa egin arte babestuko ditu, hortik aurrera abala desagertu egingo da eta hipotekaren kuotak ordaintzen jarraituko dute hura ordaintzen amaitu arte.

Gobernuaren abalak ez du kosturik, kuotak, bai kapitalaren zatia bai interesena, bankuari ordainduko zaizkio beti, eta Anek eta Mikelek harekin sinatu dute hipoteka.

 

II.- Haizeak (36 urte) bizitza osoa darama gurasoen etxean bizitzen, diru-sarrerak ez dira urtean 50.400 eurotik gorakoak, eta lehenengo etxebizitza (120 mila euro) erostea erabaki du, emantzipatu ahal izateko. Bankuak eskaintzen dion hipotekak etxebizitzaren prezioaren % 80raino estaltzen du, baina Haizeak ezin dio, oraintxe bertan, gainerako % 20aren ordainketari aurre egin.// Hortik aurrera, Ane eta Mikelen istorio bera.

III.- Gaizkak (24 urte) gradu bat ikasi du Euskaditik kanpo, bi urte daramatza atzerrian lanean eta alokairuan bizitzen. Euskadira itzuli da bere sektoreko euskal enpresa batek kontratatu duelako, eta Gaizkak lehen etxebizitza erostea erabaki du (180 mila euro). Bankuak eskaintzen dion hipotekak etxebizitzaren prezioaren %80raino estaltzen du, baina Gaizkak ezin dio, oraintxe bertan, gainerako %20aren ordainketari aurre egin.// Hortik aurrera, Ane eta Mikelen istorio bera.