Lanek 11 milioi euroko inbertsioa izango dute eta 18 hilabeteko epea aurreikusi da, obrak hasten direnetik hasita
Hezkuntza Eraiki 2030 Estrategia hedatzen jarraitzen du Hezkuntza Sailak, eta Etxebarrian haur eta lehen hezkuntzako ikastetxe berri bat eraikiko du. Eusko Jaurlaritzak Gobernu Kontseiluan onartu du gaur Etxebarriako (Bizkaia) Manuela Zubizarreta HLHI ikastetxeko lanak egiteko kontratua baimentzea. Inbertsioa, guztira, 11.438.137,24 eurokoa da.
Manuela Zubizarreta HLHI Etxebarriako Erbera auzoan kokatuko da, frontoiaren atzeko orube batean, Ibarrolatzaerrekaren beste aldean, eta bolumetria sinplea eta luzea izango du, hiru zatitan banatuta: hegoaldeko muturrean, haur-hezkuntza eta udal-haurtzaindegia jarriko dira; erdialdean, gainerako programa-zatiak egingo dira, eta, iparraldeko ertzean, gimnasioa eta patio estalia. Erdiko aldeak bi solairu izango ditu; iparraldeko eta hegoaldeko muturrek, berriz, altuera bakarra izango dute.
Hezkuntza hobetzeko guneak, natura eta jolasgune estaliak
Ikastetxe berriak honako zati hauek izango ditu: irakaskuntza-gunea (haur-hezkuntzako bi gela, lehen hezkuntzako hiru gela, psikomotrizitate-gela bat, bitan banatutako gela bat, informatika-gela bat, musika- edo ingeles-gela bat eta liburutegi bat), gune partekatuak (jangela, sukaldea eta haren eranskinak, eta gimnasioa eta haren eranskinak), administrazio-eremua (zuzendaritza-/idazkaritza-eremua, artxiboa, irakasle-gela, guraso-elkartea, atezaintza eta komuna), zerbitzu komunak (komunak, aldagelak, biltegiak, garbiketa-gela, telekomunikazio-gela eta klimatizazio-gela), banatzeko eremuak eta kanpo-espazioak (patio irekia, ataripe estalia, jolas-estalkia, haurren estalkia, atzealdea eta sarrera). Horrela, HLHI berriaren barruko azalera eraikia 1.933,88 m²-koa izango da, eta horri udal haurtzaindegiarentzat gordetako eremua gehituko zaio.
Kanpoko espazioak jolasteko eta elkartzeko espazio gisa diseinatu dira, eta horiek kirol arautua eta kirol batzuen hegemonia saihesten duten espazioekin integratuta, hala ikasleen aniztasuna eta ekitatea sustatzeko.
Jasangarritasunerako energia berriztagarriak
Manuela Zubizarreta HLHIak UBS eta berokuntzarako aerotermia-sistema (zoru erradiatzaile bidez), aireztapen mekanikorako bero-berreskuragailuak eta energia hornitzeko panel fotovoltaikoak izango ditu.
Hezkuntza Eraiki 2030
Etxebarriko Eskola Txikiaren lanak Euskadiko hezkuntza-azpiegituren estrategia integralaren barruan sartzen den obretako bat da. Estrategia horren helburua da Euskadiko ikastetxe guztiek espazio modernoak, irisgarriak, jasangarriak eta metodologia pedagogiko aurreratuenekin lerrokatuak izatea bermatzea.
Estrategiak 750 milioi euroko aurrekontua du azpiegituretan inbertitzeko, Euskadin 250 esku-hartze baino gehiago egiteko, eta lehentasuna ematen dio hezkuntza-azpiegiturak berritzeari eta modernizatzeari, eskola-komunitatearen beharrei erantzuteko, eta metodologia aktiboak inplementatzeari, ikaskuntza malgu eta moldakorrerako diseinatutako espazioetan. Era berean, Eusko Jaurlaritzak babesten duen ekimen estrategiko honen beste helburu bat da punta-puntako ekipamendu inklusibo eta teknologikoz hornitzea, bai eta jasangarritasuna bultzatzea ere, energia-eraginkortasuneko sistemak instalatuta, hala nola geotermia edo aerotermia, Manuela Zubizarreta HLHIan bezala, eguzki-plakak berritzea eta fatxadak material jasangarriekin birgaitzea.