URA eta Mañuetako Udala auzokideekin bildu dira Salado errekaren hobekuntza hidraulikoa ekarriko duen ibaia lehengoratzeko lanak azaltzeko

0

URAko zuzendari nagusi Asier López Etxebarriak eta Mañuetako alkate Francisco Javier García Pérez de Lozak Mañuetako bizilagunei azaldu diete ibaiak lehengoratzeko jarduketa-proposamena, Salado errekaren ingurumena eta ahalmen hidraulikoa hobetzeko. Bilera ekainaren 26an egin zen, udalerriko ekitaldi-aretoan.

 

Salado errekak ingurumenaren aldetik oso narriatuta dagoen ibilgua du, ezponda bertikalizatuak ditu, ibaiertzeko landaretzarik ez, eta zenbait pasabide; horietako bik – A-3224 errepidea igarotzen duenak eta Berzal Jabari Upeltegian errekan gorakoa  igarotzeak – uraren fluxua oztopatzen dute. Zati osoan sekzio hidraulikoa nahikoa ez denez — baita ohiko uraldietarako, 10 urteko errepikatze-denborarako eta baita txikiagoetarako ere —, beharrezkoa da esku hartzea. Errekak gainezka egin zuen azken gertakari esanguratsuak ekainaren 23an eta irailaren 4an gertatu ziren.

 

Horretarako, URAk zenbait jarduketa egitea proposatzen du, errekaren ibilgua ingurumenaren eta paisaiaren aldetik lehengoratzeko, ibilgua ahalik eta egoera naturalenera itzularazteko,  eta Salado errekari edukiera hidrauliko nahikoa emateko 100 urtetik gorako errepikatze-denborako uraldiaren emariak ibilguan eusteko.

 

Horretarako, eta egindako azterketa eta analisi hidraulikoaren ondoren —zeina xehetasunez azaldu baitzaie Udalari eta ukitutako bizilagunei— Uraren Euskal Agentziak eraikuntza-proiektua idatzi du, eta informazio publikoan jarriko da datozen asteetan.

 

Obra horietan, ibilgu trapezoidalaren sekzio bat sortuko da — ibaiertzeko baso autoktonoarekin landareztatzea ahalbidetuko duten ibaiertz etzanak izango dituena —, adierazitako bi pasabideak ordeztuko dira, eta zati batean defentsa txikiko hormatxo bat eraikiko da.