Javier Hurtado sailburua: “Bizitegi-erabilerako etxebizitzek bizitegi-erabilera izan behar dute”

0

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadori elkarrizketa egin diote Boulevard saioan, Radio Euskadin. Bertan, gaurkotasun politikoari buruzko galderei erantzun die, eta turismoaren bilakaeraren eta egonaldi turistikoen gaineko zergaren garapenaren balantzea egin du.

Ildo horretan, sailburuak nabarmendu duenez, “positiboa da, azkenean, ez hitz egin behar izatea turismo-egonaldiei zerga bat ezarri behar ote zaien, zerga hori ezartzeko moduari buruz baizik. Ni beti izan naiz zerga honen defendatzaile sutsua, betiere adostasun egokia lortzen bada, Euskadiz gozatzera datorrenak zerga hobetzen ere lagundu behar baitu”.

Sailburuak azaldu duenez, Turismo Saila eta Ogasun Saila zorrotz aritu dira lanean egonaldi turistikoen gaineko zergaren eredu propio batera iristeko bideak aztertzeko, gure arkitektura instituzional konplexuan Ekonomia Ituna eta Gernikako Estatutua beteko dituena. Lan hori egin da jada, eta “aztertutako bideak foru-ogasunen koordinaziotik, lankidetzatik eta partaidetzatik pasatzen dira. Orain foru-ogasunen esku dago lan hori egitea”.

Bestetik, aurreratu duenez, Eusko Jaurlaritzak errekerimendu bat bidali dio Airbnb-ri erregistro-zenbakirik gabeko 700 iragarki kentzeko. “Kentzen ez badituzte, kontsumo-araudian oinarritutako zehapenak aplikatuko ditugu. Iruzurrari aurre egiteko ahalik eta tresna gehien erabiltzen jarraituko dugu ”, ziurtatu du.