Eusko Jaurlaritzak Gaztelagun laguntza berritu du alokairuaren prezioen gorakadara egokitzeko eta onuradunak handitu ditu eremu tentsionatuetan

0

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak gaur goizean iragarri ditu, Bilbao BBK Live 2025 jaialdiaren esparruan, Gaztelagun programaren berrikuntzak, gazteei etxebizitza duin eta eskuragarrirako sarbidea erraztea helburu dutenak. Gaztelagun alokairu-programak hobekuntza ugari ditu, eta horien artean, prestazio hori eskuratzeko diru-sarreren baremoak handitzea nabarmentzen da.

Zehazki, sarbide-mugak urteko 30.000 euroraino zabaltzen dira banakako eskaeren kasuan, 36.764 euroraino familia-unitateen kasuan, eta 39.184 euroraino familia ugarien kasuan. Era berean, etxebizitza bakoitzeko gehienez bi pertsona onuradun izateko aukera gehitu da, lehen aldiz logelakako alokairu-egoerak eta azpierrentamenduak barnean hartuta.

Kasu horietan, alokatutako etxebizitzaren hileko alokairuaren errentak ezin izango du gainditu higiezina kokatuta dagoen udalerrian ezarritako muga, eta bi onuradunek gehienez 300 euro jasoko lituzkete bakoitzak. Laguntzak kalkulatzeko, eskatzaile bakoitzak hilero ordaintzen duen alokairuaren % 60 aplikatuko da gehienez. Gaztelagunen aurrekontua, guztira, 25 milioi eurokoa izango da 2025ean, 2024an baino % 34,4 gehiago, baina guztizko inbertsioa, aurreikuspenen arabera, 30 milioi eurotik gorakoa izango da ekitaldiaren amaieran, eskariaren arabera.

 

Adibide praktikoa: hilean 900 €-ko alokairua Gasteizen, bi pertsonek partekatua.

1. pertsona: 500 €-ko hileko errenta

2. pertsona: 400 €-ko hileko errenta

Kasu horretan, bi pertsonek, ezarritako errenta-atalaseetan sartuz gero, Gaztelagun laguntza jaso ahal izango lukete. Laguntza hori kalkulatzeko, banaka ordaintzen duten hileko errentaren % 60 aplikatuko litzateke, eta honela geratuko litzateke:

1. pertsona: 300 €-ko Gaztelagun laguntza

2. pertsona: 240 €-ko Gaztelagun laguntza

Gaztelagun programan sartzeko baremoak hobetzea
Banakoa: 27.687€ a  30.000€
Familia-unitatea: 33.902€ a 36.764€
Familia ugaria: 36.163€ a 39.184€

 

Era berean, Gaztelagun programaren estaldura handitu eta hobetu da, batez ere eremu tentsionatuetan, non alokairuaren prezioak bereziki altuak diren eta gazteen emantzipazioa zailtzen duten. Etxebizitza eta Hiri Agendaren sailburu Denis Itxasok azaldu duenez, “belaunaldi oso bat dago etxebizitzaren etorkizuna argitzeko zain”. Eta azpimarratu duenez, “eremu tentsionatuen figura funtsezko tresna da irismena doitzeko eta prestazioen eraginkortasuna handitzeko. Alokairuaren igoerak mugatzeko legezko mekanismo espezifikoak ditugun eremuetan Gaztelagun laguntzetarako sarbidea hobetzean, merkatua artifizialki berotzea saihesten dugu”.

Hiria Gehieneko alokairu-errenta Gehieneko alokairu-errenta (eguneratua)
Bilbo 800 € 900 €
Donostia 800 € 991,8 €*
Vitoria-Gasteiz 800 € 900 €

*Onuradunarentzat mesedegarriena den irizpidea aplikatzen da, kasu honetan Donostiako alokairuaren batez besteko errentaren % 95, EMALen azken datuaren arabera.

Figura juridiko horrek “eragotzi egiten du jabeek prezioak arrazoirik gabe igo ahal izatea eta maizterrentzako laguntzek azken errentan eragin negatiboa izatea, laguntzek beren helburu soziala erabat betetzen dutela ziurtatzeko”, ziurtatu du Itxaso sailburuak. Udalerri tentsionatu horietan, diruz lagundu daitekeen hileko gehieneko alokairua tokiko batez besteko errentaren (EMAL) % 95era iritsiko da, adibidez, 991,8 eurora Donostian. Gainera, gehieneko zenbateko orokorrak handitu egin dira: 900 euroraino hiriburuetan (Bilbo, Donostia eta Gasteiz), 800 euroraino metropoli-eremuetan eta 10.000 biztanletik gorako udalerrietan, eta 750 euroraino Euskadiko gainerako udalerrietan.

Eusko Jaurlaritzak 8.000 onuradunen muga historikoa gainditu du 2025ean Gaztelagunekin. Guztira 15.240 pertsona sartu dira programan, eta 75 milioi euro inguruko aurrekontua inbertitu da, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak 2019an abiarazitako lehen esperientzia pilotutik.

Lurraldea / Hiriburua Gaur egungo
onuradunak
 

Onuradun historikoak

Araba 1.450 2.787
Gasteiz 1.275 2.467
Bizkaia 4.345 7.999
Bilbo 1.918 3.623
Gipuzkoa 2.284 4.454
Donostia 494 1.025
 

Totala Euskadin

 

8.079

 

15.240

 

Pide House, Gaztelagun programa berrabiarazten duen kanpaina informatiboa

Gazteek etxebizitza politika publikoekin duten deskonexioa gainditzeko, Gaztelagunen «Pide House» kanpaina informatiboa abian jarriko duela iragarri du Eusko Jaurlaritzak. Ekimen honen bidez, gazteentzako prestazio ekonomikoa bultzatu nahi da berriro, eta etxebizitzaren arloko informazio-topagune bihurtu nahi da euskal gazteentzat.

“Gazteek etxebizitzarako sarbidea hobetzeko Euskadin dauden ekimenei buruzko komunikazio argi eta errazaren aldeko apustua egiten dugu, formatu digital eta presentzial irisgarriak eta beren komunikazio-lehentasunetara egokituak erabilita”, jakinarazi du Etxebizitza eta Hiri Agendaren sailburuak Bilbao BBK Live 2025eko “Pide House” gunean egindako prentsaurrekoan, Kobetamendin. Jaialdia izan da kanpaina aurkezteko aukeratu den tokia, eta, batez ere, Instagram eta TikTok plataforma digitaletan garatzen da. Gainera, informazio-gune interaktibo eta presentzial bat izan du ekitaldian zehar.

Itxasoren ustez, “komunikazio-ekintza horiek gazteek Euskadin etxebizitza eskuratzeko moduari buruz duten kezka gero eta handiagoari erantzuten diote. Kezka hori argi eta garbi identifikatuta dago Eusko Jaurlaritzaren Soziometroan eta Gazteen Euskal Behatokiaren eta Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren txostenetan”. Eta gaineratu duenez, “gure helburua da etxebizitzaren arloan eskumena duten administrazio guztien programak eta ekimenak bilduko dituen informazio-kanal moduko bat bihurtzea, edo gazteei bizitoki-irtenbide bat bilatzen lagunduko dieten proiektuak bultzatuko dituztenak, etxebizitza-politika publikoek beren emantzipazio-behar errealei eraginkortasunez erantzungo dietela ziurtatzeko”.