URAk eta eLankidetzak Hegoalde globalean uretarako giza eskubidearekiko konpromisoa indartu dute

0
  • Uraren Euskal Agentziak uraren arloko nazioarteko lankidetza-proiektuak finantzatzeko erabiliko du Uraren Kanonarekin bildutako diruaren % 5a
  • Azken ekitaldietan, URAk uraren esparruan nazioarteko lankidetzarako hitzartutako funtsak bideratu egin ditu AKUAL ur eta saneamendu arloko garapenerako lankidetzako programara https://www.akual.org/

URA-Uraren Euskal Agentziak eta eLankidetza (Lankidetza eta Elkartasunerako Euskal Agentziak)) lankidetza-hitzarmen berri bat sinatu dute, Eusko Jaurlaritzak uraren esparruan ere nazioarteko garapenerako lankidetzarekin duen konpromisoa indartzeko, bereziki Hego globaleko herrialdeetan edateko ura eta saneamendua eskuratzeari dagokionez.

Hitzarmen honek Uraren Kanonaren –1/2006 Legeak Euskadin ingurune hidrikoa babesteko eta hobetzeko ezarritako tresna ekonomikoa– bidez bildutako diruaren % 5a eLankidetzari  helaraztea arautzen du: funts horiekin uretarako eta saneamendurako giza eskubidea bermatzeko proiektuak kudeatzeko.

Hitzarmena sinatzearen harira, Asier López Etxebarria URAko zuzendari nagusiak adierazi du «ura ondasun publikoa eta giza eskubidea den heinean, hitzarmen honek lurraldeen arteko elkartasunarekin eta lankidetza globalarekin dugun konpromisoa islatzen du, pertsonen bizitzarako eta duintasunerako funtsezkoa den esparruan». Bestalde, eLankidetzako zuzendari Francisco Javier Cortés Fernándezek azpimarratu duenez, «akordio honek erakusten du agentzia publikoen arteko lan koordinatuak modu eraginkorrean lagun dezakeela giza garapen jasangarrian, konponbideak gehien behar diren tokietara eramateko».

Diruz laguntzea, lankidetza tekniko egituratuan

Finantzaketaz gain, hitzarmenak URAren laguntza teknikoa aurreikusten du: uraren kudeaketarekin eta saneamenduarekin lotutako proiektuetan, eLankidetza teknikoki aholkatzea, jarduketen kalitatea eta iraunkortasuna indartzea xede.

Bi agentziek modu bateratuan lan egingo dute proiektuak identifikatzen, horien jarraipena egiten eta gauzatzen, bi erakundeetako ordezkariek osatutako jarraipen-batzorde misto baten bidez. Batzorde horrek erabakiko du funtsak zein ekimenetara bideratuko diren, hitzarmena betetzen dela zainduko du eta lankidetza teknikorako formulak adostuko ditu.

Azken ekitaldietan, URAk uraren esparruan nazioarteko lankidetzarako hitzartutako funtsak bideratu egin ditu AKUAL ur eta saneamendu arloko garapenerako lankidetzako programara https://www.akual.org/

Erakundeen testuingurua eta konpromisoa

Hitzarmen honek jarraipena ematen dio Eusko Jaurlaritzak 2008an hartutako konpromisoari, Nazio Batuen Milurtekoaren Adierazpenari atxiki ondoren. Harrezkero, Uraren Kanonaren % 5a Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) lortzen laguntzen duten nazioarteko proiektuak finantzatzera bideratzen dira, bereziki 6. GJHa: «Uraren eskuragarritasuna, zein kudeaketa jasangarria eta saneamendua bermatzea guztiontzat».