Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak, Alegiako Udalaren eskutik, Alegiako Osasun Zentroa hobetzeko eta modernizatzeko prozesuari ekin diote, berritu, handitu eta irisgarritasuna hobetzeko helburuarekin, egungo asistentzia-beharretara egokitzearren. Alegiako Udaleko osoko bilkuran atzo osasun-zentroa birgaitzeko obren esleipena onartu ondoren, obrak 2025. urtea amaitu baino lehen hasiko dira, eta 18 hilabeteko epealdian burutuko dira.
Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Alberto Martínezek, Alegiako alkate Regina Sorarrainekin batera, udalerriko osasun-zentroa bisitatu du, eta bertan izan dira Maite Martínez de Albéniz Zabaleta Osakidetzako Osasun Laguntzako zuzendaria, Xabier Ibarzabal Ekonomia eta Finantzako zuzendaria eta Alegiako Udaleko taldea.
Osasuneko sailburuak azpimarratu du jarduera horrekin landa-inguruneetan kalitatezko osasun-arreta publikoa eskaintzen eta bermatzen duen azpiegitura modernizatzen dela. “Konpromisoa argia da: lehenbailehen gauzatzea”, gaineratu du. Bestalde, Alegiako alkate Regina Sorarrainek adierazi duenez, proiektu honekin Alegiak eredu irisgarriago, osasungarriago eta eraginkorrago baterantz egiten du aurrera, “bere identitatea eta zentralitatea galdu gabe”. “Eskerrak ematen dizkiegu Osakidetzari eta herritar guztiei prozesu honetan izan duten inplikazioagatik eta pazientziagatik”, adierazi du.
Joan den maiatzean, Osasun Sailak eta Osakidetzak hitzarmen bat sinatu zuten Alegiako Udalarekin, eta bi aldeen konpromisoa ezarri zuten Alegiako Osasun Zentroa birgaitzeko. Gaur egun, Alegiako zein Tolosaldeko beste 11 udalerritako 6.700 biztanle baino gehiago artatzen ditu zentro horrek: Legorreta, Amezketa, Bidegoian, Lkaztegieta, Beizama, Baliarrain, Altzo, Orendain, Albistur eta Abaltzisketa.
OSASUN ZENTRO HANDIAGOA, IRISGARRIAGOA ETA ZERBITZU GEHIAGOKOA
Alegiako osasun-zentro berriak, handiagoa, irisgarriagoa, eta herritarren osasun-beharrei erantzuteko zerbitzu gehiago izango dituena, 500 m2 baino gehiago hartuko ditu, egungo azalera bikoiztuta, 286 m2-koa. Horrela, eraikina altueran eta bolumenean handituko da, eraikinari solairu berri bat gehituta, eta beheko solairuaren zati bat osasun-zentroko zerbitzuetarako erabiliko da, besteak beste, biltegietarako eta profesionalentzako aldageletarako.
Birmoldaketa horri esker, instalazioak Osakidetzaren Plan Funtzional berrira egokitu ahal izango dira zentro horretarako, familia-medikuntzako eta erizaintzako kontsultak, pediatriako eta erizaintza pediatrikoko kontsultak, emaginaren kontsulta, emaginak erabiltzeko gimnasioa, larrialdietako gela, odol-ateratze gela eta edoskitze gela barne, baita profesionalentzako bilera-gela, bulegoak eta aldagelak ere.
Gainera, jauzi kualitatiboa izango da Osasun Zentroko erabiltzaileen irisgarritasuna hobetzeko. Horretarako, igogailu bat jarriko da barrualdean, baita kanpoko igogailu bat ere erabilera publikoko fatxadan, sarbidea bermatzeko San Juan kaletik Bidebarrieta kalera, Osasun Zentrorako sarbidea lehen solairutik egin behar baita ezinbestean. Bi kaleak lotzen dituen eskailera ere berrituko da.
Alegiako eta inguruko herritarrei uneoro osasun-laguntza bermatzeko, modulu prefabrikatuak jarriko dira Alegiako Erbeta frontoiaren inguruan. Horrela, osasun-jarduera normaltasunez egingo da obrek irauten duten bitartean.
2,6 MILIOITIK GORAKO INBERTSIOA
Eraikin berrian 2,6 milioi euro inbertituko dira guztira, Osakidetzako zentroak eta egiturak hobetzeko, modernizatzeko eta egokitzeko Osasun Sailak hartua duen konpromisoari erantzuteko.
Gaur egun, udal-titulartasuneko eraikinak hirugarren adinekoentzako gizarte-zentro bat du beheko solairuan, eta Osakidetzak lehen eta bigarren solairuak erabiltzen ditu inguruko bizilagunei osasun-laguntza emateko. Hori horrela, Osasun Sailak eta Osakidetzak beren gain hartuko dituzte osasun-zentroa birgaitzeko gastuak, 2 milioi eurorekin, eta Alegiako Udalak finantzatuko du zaharren etxea eta kanpoko igogailua berritzeari dagokion zatia, 590.000 euro baino gehiagorekin.