Larunbatean martxan jarriko da Illunbeko doako aparkalekua eta Erdigunea lotzeko autobusa

0
PRUEBA

Abuztuaren 31ra arte, 20 minutuan behin

Larunbat honetan, uztailak 12, hasiko da zerbitzua ematen Illunbeko doako aparkalekua eta Erdigunea lotuko dituen anezka autobusa, Dbusek eta Donostiako Udalak, Mugikortasun Departamentuaren bidez, sustatuta.

Anezka zerbitzuak Illunbeko doako aparkalekuaren eta Donostiako hiri erdigunearen arteko joan-etorriak errazten ditu, garraio publikoa sustatzeko eta hiriko trafikoa murrizteko helburuarekin. Azken urteetan, zerbitzua urteko bi garaitan eskaini da, Gabonetan eta udan.

Anezka zerbitzua 20 minutuan behin izango da, egunero, uztailaren 12tik, larunbata, abuztuaren 31ra, igandea, eta, orain bezala, bi geltoki izango ditu:

  • Illunbe: irteerak 11:00etatik 22:20ra, 20 minutuan behin
  • Mendeurrenaren plaza: irteerak 11:10etik 22:30era, 20 minutuan behin

 

Tarifak eta ordaintzeko aukerak

Iaz bezala, hiriko gainerako linea erregularretan ohikoak diren tarifak aplikatuko zaizkio zerbitzu horri, eta Dbusen onartutako edozein titulurekin ordaindu ahal izango dira:
MUGI, BAT edo BARIK garraio txartelak, kontakturik gabeko banku txartelak eta lotutako gailu digitalak, QR txartelak eta noizbehinkako bidaia txartela.

Bidaia garraio txartelarekin ordaintzen dutenek auzo guztietara doako transbordoak egin ahal izango dituzte Dbuseko sarean. Era berean, garraio txartelik ez duten bisitariek QR kodea duen bidaia txartel berria eskuratu ahal izango dute, Dbuseko app ofizialaren bitartez, zeina iOS eta Androiderako eskuragarri dagoen. Bidai txartel horrekin, Dbuseko sare osoan nahi beste bidaia egin ahal izango dituzte, bidaia txartela erosi eta hurrengo 30 minutuz, 24 orduz edo 48 orduz.

Autobus %100 elektrikoa

Illunbetik hiri Erdialdera joan-etorriak egingo dituen ibilgailua 12 metroko autobus bat da, %100 elektrikoa eta zero igorpenekoa. MAN Lions City 12e modeloko autobusa da, eta Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioaren Helmugetako Jasangarritasun Turistikorako ezohiko deialdiaren barruan erosi da, Next Generation Europako funtsek finantzatuta.

Igarako aparkalekua

Illunbeko aparkalekuaz eta bere anezka zerbitzuaz gain, Igarako gainazaleko aparkalekua (Bernardo Estornes Lasa kalea) prestatu du Udalak Park and Ride edo disuasio aparkaleku gisa. Aparkaleku horrek 220 plaza ditu, doakoa izango da eta konexio garrantzitsuak ditu Dbuseko linea erregular hauekin: 5, 25, 24, 27, 33, 35, 40, 43, 45 eta B1. Aparkalekurako sarbidea librea eta doakoa da, baina gehienez 24 orduz aparkatu ahal izango da bertan, txandakatzea errazteko.