Euskadik BOE kalifikazioa galdu zuten 1.000 etxebizitza berreskuratzeko prozesua hasiko du, jabeei azalera-eskubidea salduta

0

Eusko Jaurlaritzak iragarri du, Gobernu Kontseilua egin ondoren, bere garaian etxebizitza babestuaren kalifikazioa galdu zuten 1.000 etxebizitza berreskuratzeko prozesua hasiko duela. Horretarako, higiezin horiek okupatzen duten lurzoruaren azalera-eskubidea gaur egun jabe direnei salduko zaie, horiek etxebizitza babestu iraunkor gisa birkalifikatzearen truke. Eusko Jaurlaritzak 2010etik sustatutako zazpigarren fasea da, eta jabeek okupatzen duten lurzoruaren jabetza osoa eskuratzea du helburu.

Eragiketa hau Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak bultzatu du, eta erabaki estrategiko bat izan da, aukera emango baitu Euskadiko etxebizitza-parke babestua indartzeko eta, aldi berean, alokairu-araubideko sustapen berriak finantzatzeko zuzeneko diru-sarrerak sortzeko. Guztira, 20 milioi euro sartzea aurreikusten da, eta, Denis Itxaso sailburuak iazko urrian Eusko Legebiltzarrean zehaztu zuenez, “osorik berrinbertituko dira etxebizitzaren eskaintza publikoa zabaltzeko”.

2003ko dekretua baino lehen eraikitako 9.000 etxebizitzari baino gehiagori eragin zien gertaera batean du jatorria ekimen honek. Etxebizitza horiek, hasiera batean babestutzat kalifikatuak eta azalera-eskubideko araubidean eraikiak, deskalifikatuta geratu ziren denborak aurrera egin ahala, eta merkatu librera igaro ziren, nahiz eta 75 urterako lurzoru publikoan finkatuta egon. Eusko Jaurlaritzaren planaren helburua egoera hori iraultzea da, etxebizitza babestuen parkea ahuldu duen gertaera bat zuzenduta.

“Etxebizitza horiek BOE sistemarako berreskuratzea, gure ondare babestua indartzeaz gain, neurri bidezkoa eta beharrezkoa da bizitoki-premiako egoera honetan”, nabarmendu du Itxasok gaur goizean Lakuan egindako prentsaurrekoan. Sailburuaren esanetan, “erabaki hau hartu dugu finantzaketa-bide berri bat irekitzeko borondatearekin, aurrean dugun bizitoki-erronkari erantzuteko eta etxebizitzen babesa berreskuratzeko, diru publikoa inbertitu baitzen horiek eraikitzeko”.

Gainera, gogorarazi duenez, “Euskadi aitzindaria izan zen 2003an babes ofizialeko etxebizitzen kalifikazioa betirako deklaratzen”. Hala ere, jarraian hau esan duenez, “duela gutxi arte, erabaki haren aurreko politiken zordun izaten jarraitu dugu, eta, denbora luzez, babes ofiziala galtzen zuten etxebizitzen kopurua handiagoa zen Euskadi etxebizitza babestuen parkean birjartzeko gai zen kopurua baino”.

Ildo horretatik, sailburuak adierazi duenez, “egun, etxebizitza gehiago deskalifikatzen ez direnez, Euskadik bide berri bati ekin nahi dio, deskalifikatu ziren etxebizitzen babes ofiziala berreskuratuta. Azalera-eskubidea salduta egingo dugu hori, eta jabeek bete-betean jarraituko dute jabe izaten (etxebizitza eta lurzorua), baina ezingo dute etxebizitza etorkizunean eskualdatu Jaurlaritzak ezarritakoez bestelako prezioetan”.

Denbora horretan, Eusko Jaurlaritzak 4.591 etxebizitzaren lurzorua saldu du. Horietatik 2.940 (% 64) etxebizitzak aldi baterako kalifikazioa zuten edo deskalifikatuta zeuden, eta iraunkorki kalifikatu ziren lurzorua eskuratzearen truke. Beste 1.651 (% 36), berriz, jadanik iraunkorki kalifikatutako etxebizitzak ziren, eta horien jabeei lurzorua saldu zitzaien, aldi baterako jabetzatik jabetza osora igaro zitezen.

Prozesu ordenatua, gardena eta birkalifikatzeko konpromisoarekin

Eragiketa hau egiteko prozesua argitasun, proportzionaltasun eta gardentasuneko irizpideekin diseinatu da. Lehenik eta behin, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak eragindako eraikin bakoitzaren balioa kalkulatuko du, etxebizitzei indarrean dagoen BOEen gehieneko prezioa egotzita, eta lokalei dagokion merkatuko balioa. Balio tasatu oso horri % 10eko koefizientea aplikatuko zaio lurzoruaren egozpen gisa.

Ondoren, balio hori proportzioan banatuko da higiezin bakoitzaren partaidetza-kuotaren arabera. Jabe bakoitzak jakinarazpen indibidualizatu bat jasoko du, bere etxebizitza ezarrita dagoen lurzoruaren azalera-eskubidea eskuratzeko ordaindu beharko duen prezio zehatzarekin.

Deialdia sailburuaren agindu baten bidez ofizialduko da. Agindu horrek prozesuaren epeak eta baldintzak ezarriko ditu, eta aukera horri heltzen diotenek nahitaezko konpromisoa hartuko dute beren etxebizitzak iraunkorki babestutzat birkalifikatzeko. Eskaera- eta ebazpen-prozesua amaituta, Eusko Jaurlaritzak funtsak bilduko ditu eta higiezinak ofizialki birsailkatuko ditu.

Lurralde-banaketa eta neurriaren irismena

Gaur egun, Euskadin 9.445 etxebizitza daude egoera honen eraginpean: 4.619 Bizkaian, 3.478 Gipuzkoan eta 1.348 Araban. Planaren lehen fase honekin, Eusko Jaurlaritzak 1.000 etxebizitzako lagin adierazgarri batean jarri du arreta. Horri esker, neurriaren inpaktua testatu ahal izango da, eta, emaitzen arabera, etorkizunean bere irismena handitu.

Euskadin, etxebizitza babestuen parkea 65.304 unitatekoa da gaur egun. Deskalifikatutako parkearen zati bat berreskuratzeak berekin ekarriko du, zifra hori kuantitatiboki handitzeaz gain, etxebizitza bezalako gizarte-ondasun estrategiko baten babesa kualitatiboki indartzea ere.

Itxasok adierazi du neurriak harrera ona izan duela Eusko Jaurlaritzaren barruan, eta baloratu du daukan inpaktu positiboa bai ondare babestua berreskuratzeko, bai sustapen berriei ekiteko baliabideak sortzeko. Arloko arduradunak esan duenez, “erantzukizunez eta etorkizunerako ikuspegiarekin jokatu dugu, heredatutako arazo bat aukera bihurtzea baita herritarrek gugandik espero duten politika mota”.

ESKABIDEA ETA AURKEZTEKO EPEAK

Eredu ofiziala egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri. Eskabidea honela aurkez daiteke: telematikoki, egoitza elektronikoan; aurrez aurre, herritarrei arreta emateko Zuzenean zerbitzuan; erregistro-gaietan laguntzeko bulegoetan; eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako bitartekoen bidez (administrazio-publikoetako eta sektore publikoko erregistro elektronikoa, Correos…).

Bestalde, aurkezteko epea 2025eko irailaren 1etik abenduaren 31ra bitartekoa izango da Agindua EHAAn uztailean argitaratzen bada, eta, irailean argitaratzen bada, berriz, argitaratu eta hurrengo egunetik 2025eko abenduaren 31ra bitartekoa.

PROZEDURA

  1. Lurralde-ordezkaritzak eragiketaren azken zenbatekoa jakinaraziko dio eskatzaileari, dagokion zerga barne, baita ordaintzeko modua eta epea ere (gehienez 2 hilabetekoa izango da).
  2. Interesdunak zenbatekoa ordaintzea.
  3. Etxebizitzako dagokion lurralde-ordezkariak azken ebazpena eman aurretik igorriko dio sailburuari lurzoruaren besterengarritasun-deklarazioaren proposamena.
  4. Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak agindua emango du lurzoru horren besterengarritasuna deklaratzeko.
  5. Etxebizitzako lurralde-ordezkariaren ebazpena, lurzorua besterentzeari eta etxebizitza babes publikoko etxebizitza gisa iraunkorki kalifikatzeari buruzkoa.