Giza eskubideen 2025eko René Cassin Sarirako deialdia egin da

0

Gobernu Kontseiluak, María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak proposatuta, René Cassin Sariaren XXII. edizioaren deialdia onartu du gaur. Saria 2003an sortu zen, giza eskubideen arloan egindako jarduketa esanguratsuak publikoki aitortzeko. 25.000 euroko saria da, eta helburua da giza eskubideak sustatzen, defendatzen eta hedatzen konpromiso pertsonal edo profesionala nabarmendu duten pertsonak eta erakundeak saritzea.

Epaimahaikideak bizikidetzaren eta giza eskubideen esparruan ospe handia duten pertsonak dira. Hauek dira: Arritxu Marañón Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Memoriaren eta Bizikidetzaren sailburuordea, Manuela Mesa CEIPAZ Bakearen Ikerketarako Hezkuntza Zentroaren zuzendaria, María Ojanguren Gernika Gogoratuz zentroaren zuzendaria eta 2010ko René Cassin sariduna, Izaskun Saez De la Fuente (Deustuko Unibertsitateko Gizarte Eraikuntzarako Etika Masterreko zuzendaria), Miren Elgarresta (Emakundeko zuzendaria), Juan José Álvarez (Nazioarteko Zuzenbideko katedraduna EHU-UPVn), Mikel Mancisidor (NBEko Ekonomia, Gizarte eta Kultura Eskubideen Batzordeko kidea), Carlos Martín Beristain (Giza Eskubideetan aditua, 2020ko René Cassin sariduna), Bárbara Ruiz Balzola (UNRWAko ordezkaria, 2024ko René Cassin sariduna), eta Ainhoa Zugasti Giza Eskubideen eta Biktimen Arretarako zuzendaria.

Saria 25.000 eurokoa da, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 75. urteurrena eta sariaren sorreraren 20. urteurrena ospatzeko 2023an onartutako igoeraren ondoren. Sariak René Cassini zor dio izena. René Cassin Baionan jaio zen 1887an, eta Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren sustatzaile nagusitzat hartzen da. Cassinek Bakearen Nobel Saria jaso zuen 1968an, giza eskubideen alde egindako lan nekaezinarengatik.

Saria jaso duten pertsonen eta erakundeen artean daude: Maiatzeko Plazako Amonak Elkarte Zibila, Desmond Tutu, Sexual Minorities Uganda, Federico Mayor Zaragoza, Alec Reid, Koro Erdozia Lasa, Elisa Loncon Antileo, Dora María Téllez, ICDP – Heriotza Zigorraren Aurkako Nazioarteko Batzordea eta, iazko edizioan sariduna, UNRWA, Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentzia.

Saria abenduan emango da, abenduaren 10ean Giza Eskubideen Eguna ospatzen den egun berean, eta hautagaitzak datozen hilabeteetan aurkeztu ahal izango dira.