Gobernu Kontseiluak Ertzaintzako langileen lan-baldintzak arautzen dituen dekretua onartu du

0

Joan den martxoan sindikatuen negoziazio-mahaian sinatu zen akordio arautzaile honek etorkizuneko Ertzaintzaren oinarriak finkatzen ditu, herritarrei ematen dien zerbitzua hobetuz eta modernizatuz

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Ertzaintzako langileen lan-baldintzak arautzen dituen 2025-2028 aldirako akordioa onartzen duen dekretua. Akordio hori joan den martxoan sinatu zuten Segurtasun Sailak eta Ertzaintzaren ordezkaritza sindikalaren hiru laurden baino gehiago ordezkatzen dituzten ERNE, ESAN eta SIPE sindikatuek.

XIII. Legegintzaldiko Gobernu Programan bete den beste konpromiso bat da, 38. konpromisoan baitago jasota “Ertzaintzaren egitura hobetzea eta modernizatzea”, horretarako “Ertzaintzaren lan-baldintzak arautzen dituen akordioari buruzko elkarrizketa eta ituna” bultzatuz.

Horrela, Eusko Jaurlaritzak 45 milioi euro inbertituko ditu, progresiboki, 2028ra arte, etorkizuneko Ertzaintza indartzeko. Horretarako, ordainsari-igoera mailakatua izango da 2028ra arte, betiere lanpostu bakoitzaren funtzioetara egokituta, ertzainen etengabeko prestakuntza bultzatuz, ikerketan eta inteligentzian espezializatzea bultzatuz egungo gizarteak planteatzen dituen erronka berriei aurre egin ahal izateko, besteak beste. Halaber, bizitza pertsonala, familiakoa eta lanekoa uztartzearen eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan ere sakontzen du.

Akordio arautzaile berriaren neurriak uztailaren amaieratik abuztuaren hasierara bitartean Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren hasiko dira aplikatzen. Kontuan izan behar da, akordio arautzaile berriak dakartzan aldaketen ondorioz, nomina berriak behar bezala kalkulatzeko erabiltzen den aplikazio informatikoan eguneratze garrantzitsuak egin behar direla. Horregatik, akordio arautzaile berriarekin bat datozen ordainketak urriko nominan hasiko dira ordaintzen.

Dekretu honen helburua da herritarrei zerbitzurik onena eskaintzea, Ertzaintzak Euskadin ematen duen zerbitzua etengabe hobetuz eta modernizatuz, eta, horrekin, polizia integralaren izaera sendotuz.