2022an hasi zen Azpeitiko Udala etxebizitzetan energia eraginkortasuna eta irisgarritasuna hobetzeko obretarako, etxebizitzen kontserbaziorako eta energia-iturri berriztagarriak instalatzeko dirulaguntzak ematen. Hasieratik izan dute arrakasta handia, eta aurreko bi urteetan, aurreikusitako partida osoa erabili zen. Hain zuzen, 73 onuradun izan ziren iaz: 56 partikular eta 18 jabe erkidego. Partikularrek batez beste 2.056,52 euro jaso zituzten, eta jabe erkidegoek 6.728,74 euro.
“Herritarren bizi kalitatea eta erosotasuna hobetzea, eta, aldi berean, energia kostuak murriztea dira laguntza hauen helburuak, horretarako, etxebizitzen energia eraginkortasuna eta irisgarritasuna hobetuz”, azaldu du Joanes Amenabar Ingurumen batzordeburuak.
Deialdiaren oinarrien arabera, lau kontzepturen barruan egin ahal izango dira eskaerak: irisgarritasuna hobetzeko lanak; energia efizientzia hobetzeko lanak; energia iturri berriztagarrien instalaziorako lanak; eraikinen kontserbazio obrak. “Herritarren beharrak eta eskaerak aztertuz”, laguntzak urtero egokitzen direla zehaztu du.
Aurtengo berrikuntzen artean, honako hauek nabarmendu ditu Amenabarrek:
1. lerroa: Irisgarritasuna hobetzeko dirulaguntzak. Orain arte, igogailuarekin lotutako lanak (berria jarri, zegoena aldatu, zegoena handitu, igogailura bitarteko ibilbidea egokitu) eta zona komunetako ateak sartzen ziren laguntzetan. Aurrerantzean, irisgarritasuna hobetzeko bestelako gailuak jartzeko ere egongo dira laguntzak: aulki igogailuak, eskailera igogailuak, plataformak…).
2. lerroa: Energia efizientzia hobetzeko lanak. Pertsona berak ezin ditu gaur gaurkoz ekitaldi berean lerro bereko bi diru laguntza eskatu. Bateraezintasun hori kendu egingo da.
2. lerroa: Energia efizientzia hobetzeko lanak. Orain arte ez bezala, behe solairuaren ordez pasabide irekia daukaten etxebizitzen kasuan, pasabide horren sabaiaren isolamendu termikoa hobetzeko lanak ere lagunduko dira.
4. lerroa: Eraikinen kontserbazio lanak (fatxadak). Fatxadetako mantentze lanak (birgaitzeak eta margoketak) Alde Zaharrean bakarrik laguntzen ziren. Ezaugarri batzuk partekatzen dituztela ikusita, Urrestillako eremu jakin bateko etxeetara ere zabalduko da laguntza.
4. lerroa: Eraikinen kontserbazio lanak (EIT eta mantentze planak). 1.500 euroko gutxieneko inbertsioa eskatzen zen orain arte, baina muga hori kendu egingo da aurten.
Laguntza hauen inguruko informazio eta aholkularitza Enparan kaleko Etxebizitza Bulegoan jaso dezakete herritarrek. Eskaerak, berriz, urriaren 31ra arte Etxebizitza Bulegoan bertan eta udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan aurkez daitezke.
Laguntzei buruzko informazio guztia eta eskaerak hemen






