Azpeitiko Udalak eta herriko hiru ikastetxeek hitzarmena sinatu dute, eguzki plakak instalatzeko

0
Azpeitiko Udalak eta herriko hiru ikastetxeek hitzarmena sinatu dute, eguzki plakak instalatzeko

Azpeitiko Udalak lankidetza hitzarmena sinatu du herriko hiru ikastetxeekin, haien eraikinetako estalkietan eguzki plakak instalatzeko. Hitzarmen horren bidez, energia berriztagarrien erabilera bultzatu nahi da ikastetxeetan, eta, aldi berean, energia eredu jasangarriago baterako pausoak ematen jarraitu.

Udalak eta Izarraizpe ikastola publikoko, Azpeitiko Ikastola Ikasberri kooperatibako eta Iraurgi ikastetxeko ordezkariek adostutako hitzarmenak hamar urteko iraupena izango du. Lehen bost urteetan, eguzki plaketatik sortutako energia ikastetxeen erabilerarako izango da; bigarren fasean, berriz, instalazioetako soberakina udal eraikinetara bideratuko da.

Izarraizpeko (HHko eraikina), Ikasberriko eta Iraurgiko (HHko eta LHko eraikina) instalazioek 55,59 kWp-ko potentzia izango dute, eta Izarraizpeko LHko eraikinekoak 54,5 kWp-koa. Izarraizpeko bi instalazioak dagoeneko eginda daude, eta Ikasberrin eta Iraurgin irailean egitea aurreikusten da.

Instalazioek, erabilera praktikoaz gain, balio pedagogikoa izatea ere nahi da. “Ikastetxeekin elkarlanean, ikasleek energiaren kontzeptua barneratzeko lanketa egingo da. Instalazioak baliatu nahi dira energia kontsumoa eta sorkuntza zer diren, gizartean zer garrantzia duten eta abar lantzeko”, azaldu du Joanes Amenabar Ingurumen batzordeburuak.

Udalaren estrategiaren jarraipena

Egitasmoa Azpeitiko Udalak azken urteotan energia berriztagarrien alorrean abian jarritako estrategiaren jarraipena da. Hain zuzen, gaurtik aurrera eska daitezkeen energia iturri berriztagarriak instalatzeko udal dirulaguntzekin ere bateragarria da. Etorkizunean, bestelako eraikinetan ere antzeko instalazioak ezartzea aurreikusten du udalak.

IkastetxeetakoPlakak