Euskadiko Babes Zibileko Batzordeak oniritzia eman dio basoko suteei aurre egiteko Arabako Foru Jarduera Planari

0

Joana Egiluz Babes Zibileko sailburuordea buru dela eta Joseba Zorrilla Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendaria bertan dela egin da gaur goizean Gasteizen Euskadiko Babes Zibileko Batzordearen ezohiko bilera, eta bertan, beste gai batzuen artean, oniritzia eman zaio basoko suteei aurre egiteko Arabako Foru Jarduera Planari (ARBASO).

Foru Plan horrek baso-suteek eragindako larrialdiak kudeatzeko mekanismoak ezartzen ditu, eta,  autonomia-erkidegoko, udaletako eta autobabeseko planekiko koordinazioa eta integrazioa bermatuta, jarraitu beharreko neurriak eta jarduera-protokoloak adierazten ditu.

Planaren xedea da baso-suteen aurkako kudeaketa planifikatzea, Arabako Foru Aldundiaren eta beste administrazio batzuen bitartekoak eta baliabideak modu koordinatuan erabiltzearen aldeko apustua eginez, titulartasun pribatuko beste batzuk baztertu gabe, eremu proaktiboan nahiz erreaktiboan erantzun eraginkorra emateko.

Era berean, Batzordeak oniritzia eman dio Durango, Ermua, Mungia, Usurbil eta Gasteizko larrialdietako udal-planen berrikuspenak homologatzeko proposamenari, eta autobabes-planak egiteko teknikari gaituen akreditazioari buruzko agindua aldatzea abalatu du.

Azkenik, bileran unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako Babes Zibileko Larrialdiei Aurre Egiteko Prestakuntza Planaren berri ere eman da (2025-2026 ikasturtea). Plan hori Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kirol Ministerioak sustatu du Barne Ministerioarekin eta autonomia-erkidegoekin lankidetzan.

PARTE-HARTZAILEAK

Euskadiko Babes Zibileko Batzordea erakundeen arteko organo bat da, eta batzordekideak Segurtasun Saila, Osasun Saila, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila, Lehendakaritza, hiru foru-aldundiak, EUDEL–Euskadiko Udalen Elkartea eta Estatuak EAEn dituen ordezkariordetzak dira.