Ertzaintzak 40, 29 eta 24 urteko hiru gizon atxilotu ditu gaur, asteazkena, goizaldean, Bilbon, herritar bati, su-arma simulatu batekin eta labana batekin mehatxatuta, bere gauzak lapurtzeagatik. Gizona labanarekin sorbaldan zauritu dute, eta ospitalean artatu behar izan dute.
Gaur goizaldeko ordu biak aldera, Ertzaintzari jakitera eman diote Bizkaiko hiriburuko Zorrotza auzoan herritar bati lapurreta egin diotela hiru pertsonak, eta zaurituta geratu dela. Dirudienez, hiru gizonak kalean hurbildu zaizkio biktimari, eta pistola batekin eta labana batekin mehatxatuta, motxila eta telefonoa kendu dizkiote, eta arma zuriarekin ebakia egin diote sorbaldan.
Salatzailea ospitalean artatu behar izan dute, eta bertaratu den polizia-dotazioak, gertatutakoaren berri izan ondoren, inguruan aurkitu ditu lapurren ezaugarri fisikoekin bat zetozen gizon batzuk. Polizia ikustean, susmagarriak korrika hasi dira kontrako noranzkoan, agenteek emandako aginduei jaramonik egin gabe, eta ihesi zihoazela trenbidera bota dituzte motxila bat, gerriko poltsa bat eta labana bat.
Azkenean, agenteek hiru gizonak atzeman ahal izan dituzte, eta, identifikatu ondoren, bota duten gerriko poltsaren barruan su-arma simulatu bat aurkitu dute. Biktimaren gauzak berreskuratu dituzte, eta hiru gizonak indarkeria erabiliz lapurreta egitea leporatuta atxilotu dituzte. Ondoren, atxilotuak polizia-egoitzara eraman dituzte beharrezko izapideak egitera, gero agintari judizialaren eskuetan jartzeko.






