- Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak 28,5 M €-ko partida bideratu du.
- Euskadiko 9.600 ikaslek baino gehiagok jasotzen dituzte beka horiek urtero.
- Eskaera egiteko epea datorren irailaren 16an amaituko da.
Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak beken deialdi berria ireki du 2025-2026 ikasturtean unibertsitateko ikasketak (gradu edo masterrekoak) eta unibertsitatez kanpoko beste goi-mailako ikasketak egingo dituzten ikasleentzat, bai Euskadin bai Estatuko gainerako erkidegoetan. Deialdi hori irailaren 16ra arte egongo da zabalik.
Berrikuntza nabarmen gisa, edizio honek Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) ikasten ari diren eta desgaitasun fisiko edo psikikoa eta mugitzeko zailtasun bereziak dituzten ikasleentzako garraio-gastuak ere barne hartzen ditu.
Deialdia 2025-2026 ikasturteari dagokio, eta 28,5 milioi euroko aurrekontua du guztira. Horietatik 100.000 euro mugitzeko zailtasunak dituzten ikasleen garraio-kostuak ordaintzeko erabiliko dira. Urtero, 9.600 ikaslek baino gehiagok jasotzen dituzte laguntza horiek.
Beken deialdi honek hobekuntzak dakartza aurreko edizioekin alderatuta, bai bideratutako diru-kopuruari dagokionez, bai bete beharrezko baldintzei dagokienez. Egindako aldaketak hurrengo puntuetan laburbiltzen dira:
- Hiriarteko joan-etorriei lotutako zenbateko osagarriaren zenbatekoa % 6 gehitu da.
- % 25eko edo hortik gorako eta % 65etik beherako desgaitasuna egiaztatzen duten eta matrikula osoa aukeratzen duten bekadunek % 25eko igoera lortuko dute bekaren osagai guztietan, matrikularen prezio publikoetan izan ezik.
- Eskatzaileak edo haren anai-arrebek lanbide-heziketa duala edo unibertsitate-prestakuntza duala egiteagatik jasotako zenbatekoak ez dira kontuan izango.
- Lan-etekinei dagokienez, hainbat aldaketa egin dira:
-
- Diru-sarrera ez-konputagarrien atalasea 2.500 eurotik 3.000 eurora igo da.
- Eskatzailearen anai-arrebak sartzen dira.
- 3.000 euroko muga gaindituz gero, 3.000 euro kenduko dira, diru-sarrera txikiak izan arren muga zertxobait gainditzen dutenei laguntzeko.
- Unibertsitateko ikasketak edo goi-mailako beste ikasketak egiten dituen anai-arreba bakoitzeko kenkaria 1.176 eurotik 2.000 eurora igo da.
- Aprobetxamendu akademikoari lotutako beka-osagaiaren onuradun izateko behar den batez besteko nota 9tik 8ra murriztu da master-ikasketen kasuan, bai lehen mailan, bai bigarrenean.
- Sexu-indarkeriaren biktimen kasuetan salbuespen akademikoetarako adingabea izateko baldintza ezabatu egin da.
Beka eta laguntza horiek garrantzi sozial handia dute, erabakigarriak dute gure gazteek unibertsitate-prestakuntza izateko, eta lagungarri dira oso Euskadin ondo prestatutako giza kapitala izateko. Hori horrela, deialdia sendotuz joan da azken urteetan zehar eta euskal unibertsitate-sistemaren funtsezko tresna eraginkorra bilakatu da.