Bere uztaileko ohiko Udalbatzan, Zarauzko Udalak Santa Klara komentuaren birgaitze energetikoko proiektua eta obra horiek esleitzeko pleguak onartu zituen. Proiektuak, EAJ-PNVk eta PSE-EEk osaturiko Udal Gobernuaren babesa eta EH Bilduren abstentzioa izan zituen.
Honela, birgaitze obra eta dagokion zuzendaritza fakultatiboa esleitzeko prozesuen deialdiak martxan jarri dira. Aurrekontua 5.050.278,98 eurokoa (BEZ barne) izango da. Birgaitzea garatzeko, URANGA ROYO UR ARQUITECTURA SLPk idatzitako proiektua jarraituko da.
Esku-hartze honetarako Zarauzko Udalak Next Generation europar funtsetatik 3.000.000 euroko dirulaguntza lortu zuen eta birgaitzea aurrera eramateko ezinbesteko laguntza izango da.
Ondo bidean, birgaitze lanak azaroan hastea aurreikusten da eta urte amaiera bitartean eta datorren urteko lehen hilabeteetan gauzatzea espero da.
Birgaitze honek bi helburu nagusi ditu; alde batetik, eraikinaren eraberritzea bere baitan, eta bestetik, eraikinaren efizientzia energetikoa areagotzea. Horretarako, komentuaren zimentazioa berregiteko lanak gauzatuko dira eta, fatxada, leihoak, estalkiak eta isolamenduak bezalako elementuak hobetzeko lanak ere egingo dira.
Duela 8 urte hasitako bidea
“Duela 8 urte hasi ziren komentua eta inguruko lurrak Zarauzko herriari saltzeko aukeraren inguruko elkarrizketak Santa Klarako mojekin, eta 2021eko uztailean, Udalbatzarrak aho batez adostu zuen erosketa”, gogorarazi du Xabier Txurruka (EAJ-PNV) alkateak. “Helburu garbi batekin egin zen erosketa; Zarauzko ondare historiko eta arkitektonikoa gordetzea eta babestea, eta zarauztarrei azpiegitura indartsu bat eskaintzea”.
Alkateak Udalbatzarrean azaldu duen moduan, “Eraikinaren eraberritzea gauzatzeko finantzaketa bilatu bitartean, herritarren beharrei erantzuteko ekipamendu kultural bat egitea aurreikusi zuen, zarauztarrekin egindako hasierako hausnarketa baten ondoren”.
Beraz, Udalak Santa Klara komentua eraberritzeko eta birgaitzeko oinarrizko proiektua garatu eta Europako Next Generation funtsen deialdira aurkeztu zuen, behin amaituta, bertan ekipamendu soziokultural bat ezartzeko. 2023ko udaberrian, Santa Klara Lab parte hartze prozesua jarri zen martxan, etorkizunean eraikin multzo honek izango zituen erabilera eta programak herritarrekin elkarlanean zehazteko eta bertan jasotako irizpideekin, birgaitzeko proiektua landu zen.
2024. urtean eraikin multzo osoa berritzeko aurrekontua hasierako aurreikuspenetatik hirukoiztu zen, ondare babesak agindutako birgaitze zientifikoa medio. 24 miloi eurotako aurrekontua bideragarria ez denez, Udalak 5 miloi inguruko inbertsioa suposatuko duen eskuhartzearen proiektua enkargatu eta onartu du, europar funtsetako 3 miloi euroko dirulaguntza erabilgarri izateko.