“Saltillo”, EHUko praktiketako belaontzia, Lekeitioko portuan izango da

0

Saltillo, EHUko Ingeniaritza Eskolako praktiketako belaontzia, tradizionalki “eskola itsasontzia” bezala ezagutzen dena, Lekeition porturatuko da; Mikel Lejarza kapitaina eta praktiketan dauden 14 ikasle gazte —5 neska eta 9 mutil— ditu tripulazio. Ondoren honako portu hauetara joango da: Getaria, Donibane Lohitzune – St. Jean de Luz, Mutriku, Santurtzi eta Portugalete.

Azken asteotan, batxilergoko ikasle batzuk ere ontziratu dira itsasontzi historiko horretan, itsas garraioaren sektorean belaunaldien arteko erreleboa sustatuz prestakuntza nautikoa sustatzeko eta dibulgatzeko Eusko Jaurlaritzaren ekintza batean.

Lekeition, “Batelero Eguna” ospatzen den egunean, Koldobika Goitia Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Portuen zuzendariak egin die harrera.

“Belaontziko ikasleek gogotik gozatzen duten udako bigarren itsasaldia izango da. Ea bokazio berriak sortzen diren Euskadin eta Europar Batasunean itsas garraioan aritzen diren enpresen flotarako; horretan beti nabarmendu dira Portugaleten eta Pasaian nautika-ikasketak egin dituztenak”, adierazi du Leandro Azkue sailburuordeak.

Euskal Herriko Unibertsitateko eskola-itsasontziak 26,25 metroko luzera du, 5,25 metroko zabalera, 4,00 metroko garaiera, 2,88 metroko sakonera, 81 tonako desplazamendua, 20,00 metroko altuera eta 200 m2-ko bela-azalera. Ontziaren kroskoa altzairuzkoa da, masta nagusia eta mesana Oregongo pinu-zurezkoak eta estalkia tekazkoa. 1932an eraiki zen Amsterdamgo Vries Lentsch ontzioletan. Jatorriz, Leander zuen izena, eta Pedro Galíndez armadoreak amaitu eta prestatu zuen. Hark eman zion “Saltillo” izena.