Eusko Jaurlaritzak eta NABOk akordio historikoa sinatu dute AEBn euskararen irakaskuntza sustatzeko

0

Euskal diasporaren mundu mailako hitzordu esanguratsuenetakoa den Boiseko Jaialdira egindako bidaia instituzionalaren baitan, Etxepare Euskal Institutuak eta NABO Ipar Amerikako Euskal Elkarteek lankidetza-akordioa izenpetu dute euskararen irakaskuntza AEBko Euskal Etxeetan sustatu eta trinkotzeko, Imanol Pradales lehendakaria buru dela. Eusko Jaurlaritzak euskal diasporarekiko duen konpromisoa berresten duen akordio estrategikoa da, eta euskara komunitatearen kohesio-indar gisa ezar dadin laguntzen du.

Akordioa 2018tik Etxepare Euskal Institutuak kudeatzen duen Euskara Munduan programaren baitan kokatzen da, zeinak euskararen ezagutza mundu osoko euskal komunitateetan hedatzea eta belaunaldi berriei transmititzea duen helburu. Aurrerapauso esanguratsua da, hain zuzen ere, lehenbiziko aldia baita NABOk konpromiso sendoa hartzen duena euskararen irakaskuntza eta sustapenarekiko.

Akordioari dagokionez, Imanol Pradales Lehendakariak “konpromiso pedagogiko bat baino askoz gehiago” dela adierazi du: “Euskararen nazioartekotzean eta Euskadiren proiekzio globalean urrats estrategikoa da”. “Hizkuntza gure nortasun-ezaugarri nagusietako bat da, eta diasporan bizirik mantentzea gure komunitate globala indartzea da”, esan du.

“Euskaldunen belaunaldi berriek, beren erroak ezagutzeaz gain, horiexek euskaraz bizi ahal izatea nahi dugu. Horrexegatik, hitzarmen hau kultur kohesioan, nortasun partekatuan eta etorkizunean egiten den inbertsioa da”, azaldu du lehendakariak. Azkenik, “Euskal Etxeek Euskal Herritik kanpo euskararen eta euskal nortasunaren transmisioan egiten duten ezinbesteko lana aintzatestea dakar izenpetze honek”, erantsi du.

Akordioak helburu bikoitza du. Alde batetik, Argentinan arrakastatsua den eredua Estatu Batuetara eramatea eta egokitzea, non euskal komunitateetako kideek euskara ikasten duten eta dagozkien Euskal Etxeetan irakasle izateko trebatzen diren. Hizkuntza ikasteaz gain, berariazko formakuntza didaktikoa jasotzen dute, eta horrek Euskal Etxeei beren irakaskuntza-eskaintzan autonomoak izatea ahalbidetzen die, Euskal Herritik bertaratu beharko liratekeen irakasleen menera egon beharrik gabe.

Bestetik, Estatu Batuetan euskara bertatik bertara, online, edo formatu hibridoan irakats dezaketen Euskal Etxeen kopurua handitzea bilatzen da. Zenbat eta euskara irakasteko lagun gehiago gai izan, orduan eta ugariagoak izango dira irakaskuntza komunitate berrietara hedatzeko eta transmisioa bermatzeko aukerak.

Hori guztia gauzatze aldera, Etxepare Euskal Institutuak bere babes instituzional eta pedagogikoa indartuko du, euskara-ikastaroetara bideratutako finantzazioa handituko du, eta tokiko irakasleen formakuntza sustatuko du kalitatezko irakaskuntza bermatzeko, AEBtako errealitatera eta beharretara egokituta.

Hitzarmenaren sinadurak, Lehendakariak berak berretsia, diasporarekiko konpromisoaren instituzionalizazioa indartzen du eta JAUZIA GARA eta EUSKADI GLOBALA estrategiekin zuzenean bat egiten du, zeinek euskara eta euskal kultura nazioartean proiektatzea duten helburu.

Izenpetze-ekitaldia NABOk Boisen egiten duen urteroko batzarraren baitan gauzatu da, eta lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxea, eta Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larraza izan dira bertan.

Etxepare Euskal Institutua

Etxepare Euskal Institutua euskara eta euskal kulturaren nazioarteko proiekzioaz arduratzen den Eusko Jaurlaritzaren erakundea da. 2010ean sortu zenetik, euskal sorkuntza garaikideari ikusgarritasuna emateko, atzerrian euskararen irakaskuntza eta erabilera sustatzeko eta nazioarteko kultur lankidetza sustatzeko lanean dihardu.

Esparru akademikoan burututako jardunari esker, mundu osoko 35 unibertsitatetan irakasten dira euskara eta euskal kultura, eta euskal ikasketen 12 katedra daude ospe handiko zentroetan.