Bizkaian 1,1 milioi erabiltzaile baino gehiago egon dira hondartza-denboraldiaren lehen erdian

0

Bizkaiko Foru Aldundiak 2025eko hondartza-denboraldiaren lehen erdiaren balantzea egin du, ekainaren 1etik uztailaren erdialdera arte. Aldi horretan, Bizkaiko itsasertzeko 23 hondartzek 1.162.832 erabiltzaile izan dituzte guztira: 697.776, ekainean eta 465.056, uztailean.

Hauek izan dira bisitari gehien izan dituzten hondartzak: Arriatera-Atxabiribil (180.573 lagun), Ereaga (188.136), La Arena (139.420), Bakio (76.054) eta Gorliz (88.943). Eguraldiak eragin handia izan du eguneko joan-etorrietan, eta aztertutako aldian 23 egun eguzkitsu izan dira, 21 lainotsu edo aldakor, eta 3 egun euritsu baino ez. Uraren batez besteko tenperatura 21,05 ºC-koa izan da, eta 22,73 ºC-ra iritsi da uztailean.

Sorospen-taldeek 1.300 baino esku-hartze gehiago egin dute

Foru Aldundiak jarritako sorospen-zerbitzuak osasuneko 1.302 laguntza-saio eman ditu guztira. Hauek izan dira arrazoi ohikoenak: zauriak (559 kasu), erorikoak (213), sabiroi-ziztadak (135) eta ur-korronteek eragindako erreskateak (88). Neurri txikiagoan, lipotimiak, traumatismoak, eguzkikoak ez diren erredurak eta intsektuen ziztadak ere artatu dituzte, besteak beste.

2.000 lagunek, gutxi gorabehera, erabili dute lagundutako bainu-zerbitzua

Mugikortasun urriko pertsonei bainu lagundua emateko zerbitzua 1.989 lagunek erabili dute denboraldiaren lehen erdian. Horietatik 1.057, elkarteen bidez hurbildu ziren, eta 932, ordea, banaka. Zerbitzu hori La Arena, Ereaga, Gorliz, Plentzia, Bakio, Laidatxu, Isuntza eta Arrigorri hondartzetan egon da eskuragarri.

Hitzordu gehienak web bidez (% 58) eta aurrez aurre (% 39) kudeatu dira, baita telefonoz eta BizkaiUp aplikazioaren bidez ere.

215 tona hondakin baino gehiago bildu dira

Hondakinen kudeaketari dagokionez, 215.820 kilogramo bildu dira guztira. Horietatik, 45.800 kg paperontzietan jaso ziren, 150.640 kg ibaiertzeko bazterrean eta 19.380 kg plastiko eta ontzi birziklagarriak izan dira. Hondakinak dagozkien tratamendu-instalazioetara bideratu dira.