EHUn graduatu eta hiru urtera, lanean ari da 10etik 9

0

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) 2021eko promozioko tituludunen % 90 lanean ari zen graduko ikasketak amaitu eta hiru urtera. Horixe da, hain zuzen, Euskal Enplegu Zerbitzua Publikoa / Servicio Público Vasco de Empleo, Lanbidek euskal unibertsitate publikoko gradudunei buruz egin duen ‘Laneratzeari buruzko azterlana’ txostenean jasotako ondorio nagusietako bat.

2021ean ikasketak bukatu zituzten 6.627 lagunetatik 4.926ri egin zitzaien inkesta; % 75eri. Emaitza fidagarriak izateko lagin oso esanguratsua, ikasle gehienen egoera islatzen baitu. Aipatutako promozioaren kasuan, okupazio tasa (ordaindutako lana duten pertsonen ehunekoa pertsona aktibo guztiekin alderatuta) % 90ekoa da. Baina generoaren arabera aldea dago laneratze-tasan: bi puntu handiago da gizonen artean ( % 91); zehazki, emakumeen % 11 langabezian dago, eta gizonen artean % 9 dago lanik gabe.

Egindako ikasketekin lotura zuzena duen lanpostu batean ari direnen ehunekoa, hau da, ikasketei lotutako enplegu-tasa, % 87koa da. Bestalde, lehen lana lortzeko epea urtebete baino gutxiago izan da ikasleen % 63rentzat.

“Gure ikasleak laneratzen laguntzeko, kalitatezko hezkuntza inklusibo eta eleanitzaren alde egiten jarraituko dugu” adierazi du Noemi Peña, EHUko Ekintzailetza, Enplegagarritasuna eta Transferentziarako Zuzendariak. Izan ere, “datuek berresten dute gure graduatuek enplegu-tasa altuak dituztela, eta horrek erakusten du gure gradu, master eta titulu propioen eskaintza egokia dela, betiere gizartearen eskaerekin bat etorriz”. Peñaren esanetan, aurrera begira «espero dugu mikro-kredentzialek funtsezko zeregina izatea gure tituludunen enpleguaren kalitatea hobetzea”.

Bataz besteko soldata

Lanbideren txostenak, halaber, ordainsaria ere aztertu du. Hala, lanaldi osoko bataz besteko soldata garbia 1.819 eurokoa dela dio, 14 ordainsaritan banatuta. Eta laneratzearekin bezala, ordain-sarian ere genero arrakala dago: gizonen batez besteko soldata 1.867 eurokoa da; emakumeena, 1.771 eurokoa.

Lan egoerari dagokionez, tituludunen % 77,08 k besteren kontura egiten du lan. Norberaren kontura ari direnen ehunekoa % 3koa da, eta % 5,56k, berriz, ikasketekin jarraitzea erabaki du. Gainerakoen artean daude doktorego aurreko edo ondoko kontratuak dituztenak, langabezian daudenak, ezintasun-egoeran dauden pertsonak, kooperatibetako bazkideak eta antzeko bestelako lan- edo egoera pertsonalak dituztenak

Euskararen garrantzia

Txostenak euskararen garrantzia ere azpimarratzen du laneratzeko orduan: inkestatutakoen %60ri, lana aurkitzeko unean, euskara jakitea ezinbestekoa izan zaie, edo gutxienez baloratu egin diete. Ildo horretan nabarmendu du EHUko Ekintzailetza, Enplegagarritasuna eta Transferentziarako Zuzendariak  puntu bi hazi dela euskararen ezagutzaren eskaria laneratzeko orduan, % 36tik % 38ra. Jakintza esparruaren arabera, euskararen garrantzia nabarmenagoa izan da gizarte zientzietan (% 79,1), humanitateetan (% 73,4) eta osasun arloan (% 62,7). Beste esparru batzuetan ere inportantea izaten jarraitzen du, nahiz eta ehuneko txikiagoekin: esparru esperimentaletan (% 56,7), ekonomiko-juridikoan (% 50,2) eta arlo teknikoetan (% 35,3).

EHUko hamabi gradu, soldata altuenen artean

Halaber, Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioak QEDU (Qué Estudiar y Dónde en la Universidad) tresnaren bidez argitaratutako datuen arabera, EHUko hamabi gradu espainiar estatuan hobekien ordaindutakoen artean daude, graduatu eta lau urtera. Azterketa hori unibertsitate publiko presentzialeko graduatuen Gizarte Segurantzako kotizazio-oinarriaren batez bestekoan oinarritzen da.

Adierazle horretan nabarmendu diren graduak honako hauek dira: Arte Ederrak, Ingurumen Zientziak, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak, Zuzenbidea, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Gizarte Hezkuntza, Ingeles Ikasketak, Historia, Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritza, Medikuntza eta Itzulpengintza eta Interpretazioa.