-
EAE da ikasketak aurreikusitako denbora teorikoan amaitzen dituzten graduko tituludunen ehuneko handiena duen bigarren autonomia-erkidegoa, eta laugarrena masterreko tituludunen artean.
-
Unibertsitateko ikasleen % 88k beren kualifikazioari egokitutako enplegua lortzen dute ikasketak amaitu eta hiru urtera.
Euskal unibertsitateak kalitatearen eta aniztasunaren erreferente gisa finkatu dira, eta errendimendu akademiko handiagatik eta ikasle tituludunak lan-merkatuan sendotasunez sartzeagatik nabarmentzen dira. Hala erakusten dute Euskadiko goi-mailako hezkuntzari buruzko azken txostenek: Lanbidek 2020an unibertsitate ikasketak bukatu zituzten ikasleen laneratzeari buruz egindako azken inkestak, eta CYD Fundazioak landutako Espainiako unibertsitateak. Ikuspegi autonomikoa. 2025 Euskadi izeneko txostenak.
Unibertsitatera sartzeko aukera gehien dituen erkidegoetako bat da Euskadi. Hamasei urtetik gorako biztanleen erdiak eta biztanleria aktiboaren ia bi herenek unibertsitate-ikasketak dituzte
Errendimendu akademikoaren adierazleak Euskadiko Autonomi Erkidegoan (EAE) kalitatezko prestakuntzaren alde egindako apustuaren isla dira. Euskadi bigarren dago ikasketak aurreikusitako denbora teorikoan amaitzen dituzten graduko tituludunen ehuneko handiena duten autonomia-erkidegoen artean ( % 51,4, Estatuko unibertsitate presentzialen % 42,7ren aldean), eta laugarren masterreko tituludunen artean ( % 82,1 eta % 74,8, hurrenez hurren).
Horretaz gain, STEM titulazioetan (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika) titulazioak dituzten ikasleen ehuneko handiena duen bigarren erkidegoa da (%29), Asturiasen ia parean ( % 29,5) eta Estatuko batez bestekoaren oso gainetik ( % 21). Gainera, ingeniaritza titulazioen rankingaren buruan dago, % 17ra iristen baita, Estatuko batez bestekoaren % 9aren aldean.
Laneratzea
Euskal unibertsitateetan titulatu direnen laneratzea da gure unibertsitate-sistemaren indargune nabarmenetako bat. Lanbideren laneratzeari buruzko inkesta berrienak, 2020ko promozioan oinarritutakoak, agerian uzten du ikasleen % 88k beren kualifikazioari egokitutako enplegua lortu dutela ikasketak amaitu eta hiru urtera (% 2ko igoera aurreko promozioarekin alderatuta) eta % 76k, berriz, beren titulazioarekin lotura zuzena duen lanpostu batean lan egiten dutela. 2023 urtearen amaieran, 2020ko promozioaren % 85ak bazuen enplegua, eta % 7ak trebatzen jarraitzen zuen.
Euskal ikasleek jasotzen duten prestakuntza sendoa da laneratzeari buruzko datu horien gakoa. Horrela, CYD Fundazioaren txostenaren arabera, Euskadik Estatuko laugarren portzentaje handiena du titulaziora egokitutako enpleguan eta urteko diru-sarrera handienak lanaldi osoko lanagatik. Masterretan ere emaitzak onak dira: bosgarren postuan dago kontratu mugagabeetan, laugarrenean lanaldi osoko kontratazioen proportzioan eta laugarrenean urteko batez besteko kotizazio-oinarrian.
Ildo horretan, azpimarratzekoa da, halaber, Euskadin laneratze-adierazle onenak dituzten tituludunak ingeniaritzan, industrian eta eraikuntzan graduatutakoak direla, informatika eta osasuna atzetik dituztela.
Gainera, enplegua gero eta egonkorragoa da. Lanbideren arabera, 2020an titulua lortu zutenen % 61ek kontratu finkoa du, aurreko urtean baino 16 puntu gehiago, inoizko daturik onena. Emakumeen artean, egonkortasuna 15 puntu hazi da, % 55eraino. Langabezia-tasa ere % 8ra jaitsi da, azken hamarkadako daturik onena.
Soldatei dagokienez, 2020 promozioko batez besteko soldata garbia (lanaldi osokoa) 1.751 eurokoa da. Gizonezkoek batez beste 1.820 € irabazten dituzte, eta emakumezkoek 1.693 €. Ingeniaritzan, industrian eta eraikuntzan egresatutako ikasleen urteko batez besteko kotizazio-oinarria Estatuko unibertsitate presentzialena baino 1.400 euro handiagoa da.
Datu multzo hori –unibertsitaterako sarbide handia, errendimendu akademiko handia, langabezia-tasa txikia, enplegu egokituaren ehuneko handia, hobekuntza nabarmena lan-egonkortasunean, eta soldatak, konparatiboki altuak–, neurri handi batean, kalitatezko hezkuntza-sistemaren, unibertsitate onen eta ikasketa-eskaintza zabal, orekatu, askotariko eta osagarriaren emaitza da. Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak lanean jarraituko du ezaugarri horiek zaintzeko.