Euskaltzaindiak, Mintzola proiektuaren bidez, Odei Guiradoren ‘Babes-sistema, haurrak eta eguneroko mintzamoldea. Harreman-mundu bat euskaratik eta euskaraz harilkatzeko ikerketa aplikatua’ lana saritu du. Bilboko Hezkuntza Fakultateko Maria Dosil irakaslea eta Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko Joana Miguelena irakaslearekin dabil tesia egiten Guirado. Egileak 3.000 euro gordin jasoko ditu eta 2026ko otsailaren 27ra bitarteko epea izango du lana ondu eta aurkezteko.
Euskaraz egiten den ahozko jardunari buruzko bi ikerketa lan saritzeko deialdia martxoan argitaratu zuen Euskaltzaindiak Mintzola proiektuaren bidez. Akademiaren arabera, “ikertzaile gaztea edo hasiberria doktorego-tesiraino eramango duen ibilbidean, aurreko erabakiak eta urratsak ere garrantzitsuak dira, eta hori aitortzea, eta unibertsitateko edozein jakintza-alorretatik abiatuta, euskaraz egiten den ahozko jarduna ikergai gisa aukeratu izana saritzea da deialdi honen helburua”.