Film guztiak lehiatuko dira Kutxabank-New Directors saria eskuratzeko
Txinako, Costa Ricako, Danimarkako, Espainiako, Errusiako, Indiako, Japoniako, Erresuma Batuko, Errusiako, Suediako, Taiwango eta Turkiako hamalau zinemagilek euren lehen eta bigarren film luzeak aurkeztuko dituzte Donostia Zinemaldiko New Directors sailean, eta Kutxabank-New Directors saria eskuratzeko lehian ariko dira.
Saoirse Ronan da Bad Apples filmaren protagonista nagusia. Jonatan Etzlerrek (Stockholm, 1988) zuzendutako satira garratza da eta 11 urteko ikasle gatazkatsu bati aurre egin beharko dion irakasle baten istorioa kontatzen digu filmak. New Directors saila irekiko duen ekoizpen britainiar hau zuzendariaren bigarren film luzea da, Swimmer film labur sarituaren eta One More Time (2023) film luzearen ondoren zuzendua.
Shiro no Kajitsu / White Flowers and Fruits, Yukari Sakamotoren (Tokyo, 1990) lehen film luzeak sailari amaiera emango dio. Neskentzako barnetegi kristau batean gertatzen da; bertan, ikasle karismatiko baten suizidioak gainerakoak astinduko ditu, bereziki, mamuak ikusteko ahalmena duen barneko ikasle berrietako bat.
Seyhmus Altun Turkiako Kurdistango errealizadore turkiarrak (Diyarbak?r, 1988) bere lehen lana aurkeztuko digu, Ald???m?z Nefes / As We Breathe; iaz WIP Europan hartu zuen parte lan horrek Memento non mori izenarekin. Turkiaren eta Danimarkaren arteko koprodukzioa, Anatoliako landa-herri batean bizi den familia batek sute suntsitzaile baten ondorioz jasan beharko dituzten aldaketak kontatzen dizkigu obra horrek.
If You Knew film laburragatik eta MOOD telesailean egindako zuzendaritza-lanagatik aintzatespena lortu ondoren, Stroma Cairns (Londres, 1992) zinemagile britainiarrak The Son and the Sea erakutsiko du, bere lehen film luzea, hain justu. Cairnsek berak eta haren amak –Imogen West ekoizleak– idatzia, bi lagunek Eskoziako ipar-ekialdeko kostaldean zehar egindako bida