Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak azterlan berri bat jarri dute martxan. Horri esker, biztanleria pediatrikoan 1 motako diabetesa goiz detektatzeko baheketa-proiektu pilotu bat ezarri duen estatuko lehen erkidegoa da Euskadi. Gaixotasun hori haur eta nerabeengan agertu ohi da, eta kasuen % 35etan zetoazidosi diabetikoarekin batera agertzen da. Azterlan honen bidez konplikazio larri hori prebenitu nahi da.
Ekimenak, SCREEND1A izena duenak, 6.000 pertsona baino gehiago hartzen ditu, eta biztanleria pediatriko orokorra zein 1 motako diabetesa duten pertsonen lehen mailako senideak barne hartzen ditu. Helburua da gaixotasuna detektatzea lehen sintoma klinikoak agertu aurretik; horrela, aldez aurretik jardun ahal izango da, pronostikoa hobetu ahal izango da eta heziketa eta prestakuntza egokia eman ahal izango zaie familiei eta pazienteei.
Emandako pauso horri esker, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak bere lidergoa sendotzen dute gaixotasunen prebentzio eta diagnostiko goiztiarrera bideratutako baheketa-programetan, eta berretsi egin dute berrikuntzarekin, haurren osasunarekin eta herritarren bizi-kalitatea hobetzearekin duten konpromisoa.
Terapia berriak
Baheketak fase goiztiar batean esku hartzea du xede, hau da, oraindik ere intsulina sortzen duten zelula pankreatikoen erreserbak kontserbatzen direnean. Horrek aukera eman lezake terapia berriak aplikatzeko eta gaixotasunaren bilakaera nabarmen hobetzeko.
Gainera, uste da detekzio aurreratu horrek nabarmen murriztuko lukeela premiazko arretaren eta ospitaleratzeen beharra, debut kliniko larria saihestuko lukeelako. Hasiera-hasieratik kontrol gluzemiko hobea izatea ere erraztuko luke.
“Azterlanak aukera emango digu baheketa-teknika baliozkotzeko eta azterlanari etekina atera diezaiokeen biztanleria handitzeko. Era berean, aukera ematen du diagnostikoa hasierako faseetan egiteko, hau da, oraindik ere tartea dagoenean gaixotasunaren bilakaera aldaraz dezaketen tratamenduekin esku hartzeko”, azaldu du Luis Castaño doktoreak, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko pediatra endokrinologo eta azterlanaren ikertzaileak.
Euskadi, haurren diabetesaren detekzio goiztiarraren buruan
Azterlana bi jarduketa-ildotan banatuta dago. Ildoetako batek biztanleria pediatriko orokorraren prospekzio-diseinu bat jasotzen du, Estatuan egin den mota horretako lehena, eta 3 eta 13 urte bitarteko 4.000 haur hartuko ditu. Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako osasun-zentroetako pediatria-azterketetan hartzen dira laginak.
Bigarren ildoak 1 motako diabetesa duten pazienteen (helduak zein adingabeak) lehen mailako senideen prospekzio- eta atzera begirako ikuspegia du. Azterlanaren zati horretan 2.000 parte-hartzaile egongo direla aurreikusten da, eta Endokrinologia Pediatrikoko eta Endokrinologia eta Nutrizioko kontsultetan egiten da, hiru lurraldeetako ospitaleetan.
Ondorioak jaso ondoren, Osakidetzak estrategiaren eskalagarritasuna baloratuko du. Hala, estrategia hori beste baheketa baten modura ezar liteke osasun-sisteman, eta gaixotasunaren hasierako faseetan atea ireki sortzen ari diren terapiei.
Elkarlanerako eredu integratua
SCREEND1A azterlana diziplina anitzeko lantalde batek garatu du. Medikuntzako, erizaintzako, biologiako, biokimikako eta beste espezialitate batzuetako profesionalak biltzen ditu, eta Itxaso Rica doktorea du buru, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Endokrinologia Pediatrikoaren Ataleko burua eta Biobizkaia, Osasun Saileko Osasun Ikerketako Institutuko diabetesaren eta gaixotasun endokrinoen genetika eta kontroleko ikerketa taldeko kidea. Azterlana lehen mailako arreta eta ospitale-arreta koordinatuz egiten da, lehen, bigarren eta hirugarren mailako zentroetan, irtenbide integrala eta eraginkorra ziurtatzeko.






