Ezagutzaren transmisiorako tresna berria martxan Eusko Jaurlaritzako langile publikoen artean

0

Euskadiko Administrazio Orokorrak 8.000 langile publiko inguru ditu eta datozen lau urteetan, 80ko hamarkadan administrazioan beren karrera hasi zuten langileen ia %20k erretiroa hartuko du. Hori dela eta, belaunaldi erreleboa da Administrazioak aurrez aurre duen erronka nagusietako bat, baina ez bakarra.

Digitalizazioa, administrazioarekin harremanetan jartzeko moduen eta herritarren beharren eraldaketa edota informazioa eskuratzeko bide berriek bistakoa egiten dute ezinbestekoa dela Administrazioa XXI. mendeko behar berrietara egokitzea.

Zerbitzu publikoak indartzeko eta enplegu publikoaren aro berriari erantzuteko helburuarekin, Eusko Jaurlaritzak Eki Plan Integrala aurkeztu zuen otsailean; etorkizuneko administrazioa eraiki eta administrazio moderno, eraginkor, malgu, arin, dinamiko eta euskaldunago baterantz aurrera egiteko. Plan honek ere oinarri du langile publikoen gaitasun profesionalak eta talentua indartzea, pertsonen beharrei erantzunez, kalitatezko zerbitzuak bermatzeko.

Ezagutzaren kudeaketa eta transmisioa, lehen urteko erronka

XXI. mendeko euskal administrazioak profesional balioaniztunak behar ditu, gaitasun berriak izango dituztenak. Horregatik, Eki Plan Integralak hainbat proiektu barnebiltzen ditu: enplegu publikorako sarbide berriak, prestakuntza-ibilbide pertsonalizatuak, etorkizuneko administrazioan beharrezkoak izango diren konpetentzien azterketa edota belaunaldi errelebo ordenatua aurrera eramateko tresna berriak.

Azken puntu honi lotuta, Eusko Jaurlaritzak ezagutzaren kudeaketa eta transmisiorako tresna berria garatu eta jarri zuen abian urte hasieran, lanpostua uzten duen pertsonaren ezagutza jaso eta transmititzeko, haren lekua hartuko duen pertsonak hasieratik izan dezan ezagutza hori. Tresna horri esker, langile bakoitzak bere lanpostuari dagozkion zereginetara sarbidea du eta eskura du bere lanpostua garatzeko behar duen informazio guztia.

Tresna abian jarri eta lehen urtean, %20ko erabilera lortzea aurreikusten zen. Lehen hilabeteetan langileen %15ak jada erabiltzen du tresna berria. Langileek erabil dezaten, atal berezia sortu da Jaurlaritzaren intranetean langileek beharrezkoa duten informazioarekin: erabilera-eskuliburuak, tutoretza-bideoak, etab.

Bigarren urteari begira, tresnaren erabilera areagotzea da erronka, hasi berri diren langile guztiek hasieratik izan ditzaten lanpostuari buruzko oinarrizko ezagutzak.

Era berean, Eusko Jaurlaritzak lanean jarraitzen du planean jasotako gainerako proiektuetan: konpetentzien hiztegian, sarbide-sistema berrien eta prestakuntza-planen oinarri gisa, edo Administrazioan lanean hasten diren langileentzako ongietorri prestakuntza-ikastaroan.

Hori guztia helburu bakar batekin: etorkizunari begira administrazioa hobetzea, herritarrei zerbitzu hobea emateko, Euskal Administrazio Publikoaren ezaugarri den zerbitzu publikoko bokaziotik.