Nafarroako Gobernuak, Vianako Printzea Erakundearen Kultura Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, 145.380 euroko laguntza-lerro bat deitu du, Nafarroako landa-ingurunean kultura-jarduera sustatzen duten proiektuak finantzatzeko, udalerrika antolatuta eta 2025eko urtarrilaren 1etik 2026ko abuztuaren 31ra bitartean. Laguntza Espainiako Kultura Ministerioaren funtsekin finantzatzen da.
Dirulaguntzak gehienez 30.000 biztanle dituzten eta km2-ko 100 biztanle edo gutxiagoko dentsitatea duten Nafarroako udalerriei zuzenduta daude. Landa-ingurunetzat hartzen dira, halaber, deialdi honen xedeetarako, 10.000 biztanle baino gutxiago dituzten Nafarroako udalerriak, haien biztanleria-dentsitatea edozein dela ere.
Deialdiak udalaz gaindiko proiektuak garatzeko aukera ere jasotzen du; kasu horretan, proiektuan parte hartzen duten udalerri guztiek bete beharko dituzte ezarritako baldintzak. Era berean, 5.000 biztanletik beherako udalerriek garatutako proiektuek eta jarduerek lehentasunezko tratamendua izango dute.
Diruz lagundutako entitate bakoitzak 10.000 euro jaso ditzake gutxienez, eta 50.000 euro gehienez.
Diruz lagundu daitezkeen helburuak eta ekintzak
Deialdiaren jomugen artean, kultura-jarduera eta kultura-prozesu garaikideak bultzatzea eta dibertsifikatzea dago, bai eta herritarrek kultura-jardueran aktiboki parte har dezaten sustatzea eta landa-ingurunean diharduten kultura-sektoreen eta -eragileen modernizazioa eta profesionalizazioa bultzatzea ere. Era berean, laguntza horien bidez kultura-aniztasuna bultzatu nahi da, eta Garapen Jasangarriko Helburuak betetzea eta ingurumen-kontzientzia eta -iraunkortasuna sustatu nahi dira, eta, gainera, aliantzak bultzatu nahi dira kulturakoak ez diren sektoreekin.
Deialdiaren testuaren arabera, diruz lagundu daitezkeen ekintzak eragile anitzeko partaidetza-proiektuak izan daitezke, hala nola ideia-laborategiak, diziplinaz gaindiko ekimenak edo kultura-esperimentazioa, -ikerketa eta -berrikuntza bultzatzen duten eta lurraldean zehaztasun praktikoa duten sektoreen arteko aliantzak; arte-hezkuntzako eta -bitartekaritzako jarduerak; gaur egungo praktikak sustatzen dituzten ondare immaterialaren hedapen- eta errebalorizazio-jarduerak; landa-inguruneko kultura-eragileak prestatzeko jarduerak, eta landa-inguruneko kultura-jarduerak eta -ekitaldiak.
Deialdia laster argitaratuko da NAOn, eta eskabideak hilabeteko epean aurkeztu ahal izango dira, Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko deialdiaren fitxan argitaratzen direnetik zenbatzen hasita.
Esteka honen bidez, fitxara sar zaitezke, kontsulta, jarraipena eta izapidetzea egin ahal izateko.