Ertzaintza gizon baten heriotza bortitza ikertzen ari da Erriberagoitian

0

Ertzainek 23 urteko gizon bat atxilotu dute gaur, astelehena, goizaldean, homizidio-delitu bat leporatuta, Araban, Erriberagoitiako udal-barrutian beste gizon bati heriotza eragin dioten zauriak egin ondoren

Bart gaueko hamarrak eta hamar aldera, Ertzaintzari jakitera eman diote gizon bat zaurituta zegoela, antza denez ihes egin duen beste gizon batek eraso egin ondoren. Zaurituaren senitartekoa zen berriemailearen arabera, erasoa Vilorian, Erriberagoitiako udal-barrutian gertatu da. 

Lekura herritarrak babesteko lanetan ari ziren patruilak eta anbulantzia bat hurbildu dira, eta biktima hil egin dela egiaztatu dute. Une horretatik aurrera, Agintaritza Judizialari jakinarazi diote eta dagokion ikerketa hasi du Ertzaintzaren Arabako Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzuak gertatutakoa argitzeko.

Goizaldeko ordu bata inguruan, ustezko erasotzailea, 23 urtekoa, Añanan aurkitu dute, eta homizidio delitua leporatuta atxilotu dute.

Ertzaintzak ikertzen jarraituko du atxilotua agintari judizialaren eskuetan jarri arte.

Biktimaren gorpua Gasteizko Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman dute.