ELAk greba deitu du Udaltzaingoaren telefonogunean Bilboko Aste Nagusian zehar

0

Bilboko Udalak Udaltzaingoaren telefonogunea kudeatzeko azpikontratatutako Lanalden enpresako langileek beste bederatzi eguneko greba egingo dute Bilboko Aste Nagusian. ELAk salatu du Bilboko Udalak eta enpresak ez dutela lan-baldintzen hobetzea negoziatu nahi. Gauzak horrela, zerbitzu hori ez da aktibo egongo jaiegunetan, telemarketinaren sektoreko prekarietatearen aurka borrokatzeko,

Langileek hobekuntzak aldarrikatzen dituzte kontziliazioa eta atseden hartzeko eskubidea ahalbidetuko duten lan baldintza duinak bermatzeko. Gaur egun, 5 pertsonaren artean urtean 365 eguneko zerbitzua ematen dute 24 orduz, eta horrek esan nahi du, besteak beste, ezin dutela oporrik hartu. Gainera, plantillak ez ditu telefonogunearen berezko funtzioak bakarrik betetzen, baizik eta Estatuko Contact Centerren Hitzarmenetik askoz haratago doazen funtzioak, hala nola: Udaltzaingoari buruzko informazio ofiziala, funtzionarioen bajen eta lizentzien tramitazioa, espedienteak irekitzea eta herritarren errekerimenduak.