Irailaren 5etik 7ra, nazioarteko golfean izen handia duten jokalariak bilduko dira Basozabalen txapelketa historiko batean.
Donostia nazioarteko golfean aste historiko bat bizitzeko prestatzen ari da. Irailaren 5etik 7ra, Basozabal, Donostiako Errege Klub Berria, Jose Maria Olazabalek antolatutako European Legends Cup txapelketaren bigarren edizioaren egoitza izango da. Zirkuituko jokalari enblematikoenetako batzuk elkartuko dira han, munduko golfeko benetako mitoak.
Txapelketa Jose Maria Olazabalek berak babesten du, eta hark diseinatua da osoki; hain zuzen ere, bertan jaso ditu kirol horretako bere esperientzia eta ondarea. Txapelketa denboraldiaren azken txanpan dator, eta bertan izango dira 2025ean Legends Tour-ean irabazle suertatu diren sei jokalari; horien artean, rankingean lehenengoa, Scott Hend australiarra, Barbadosen irabazi eta ibilbide sendo bat egin ondoren datorrena, aurten sei top 10 egin baititu.
Kiroletako zinegotzi Iñaki Gabarainek azpimarratu duenez, «Jose Maria Olazabalek profesional gisa 40 urte betetzen dituen urtean Donostian European Legends Cup-a jokatzea bat-etortze bat baino askoz gehiago da: haren ondarea eta hiri honekin duen lotura aitortzeko modu bat da. Donostia Kirolean errendimendu handiko kirolaren alde egiten dugu, bai eta Donostia nazioarteko mapan kokatzen duten lehen mailako lehiaketak ekartzearen alde ere. Txapelketa honek munduko golfeko jokalari historikoak biltzen ditu, eta Basozabal agertoki paregabea da talentuaz, emozioaz eta kirol-bikaintasunaz gozatzeko».
Hiru egunez, jendeak aukera izango du kalitate handiko golfaz gozatzeko, jokalariengana gerturatzeko, autografoak sinatzeko eta historia eta bikaintasuna darion zelai batean ibiltzeko. Sarrera librea izango da, bai zaleek bai lehen aldiz kirol honetara hurbildu nahi dutenek esperientzia paregabea bizi dezaten.
Jose Maria Olazabalek antolatutako European Legends Cupek laguntzaile izan ditu Donostia Kirola, Legends Tour, Staysure, Basquetour, Euskal Golf Federazioa, Cuatrecasas, Reale/Galpe, Viñas Familia Gil, Maximiliano Jabugo, Joyería Olazábal, Cope Gipuzkoa katea, Mahou-Solán, TOA Shoes eta Titleist, golf-antolakuntzaren pean.






