Euskal Enplegu Zerbitzuak argi berdea eman dio ekintzailetza, enplegagarritasuna, digitalizazioa, langabeen eta landunen inklusioa eta sektore estrategikoak sustatzen dituen programa sorta bati
Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazio Kontseiluak laguntza eta programa sorta zabala onartu du gaur, osteguna, 2025 eta 2027 bitartean 141 milioi euro baino gehiago mobilizatzeko. Deialdi berri horiek, neurri batean Europako Gizarte Funtsak eta Next Generation funtsek finantzatutakoak, Eusko Jaurlaritzak kalitatezko enpleguaren, etengabeko prestakuntzaren eta inklusioaren alde egindako apustua indartzen dute, eta Euskadin ekintzailetza, enplegagarritasuna eta digitalizazioa bultzatzera zuzenduta daude.
88,5 milioi eurokoa da laguntza lerro nagusiena, eta 2025 eta 2027 urteetarako Lanbideren prestakuntza eskaintza osatzen duten prestakuntza planak finantzatzea du helburu. Deialdi hori langabeei zuzenduta dago, haien laneratzea eta birkualifikazioa lehenesteko, eta aurrez aurreko prestakuntza eta online egiten dena barne hartzen ditu, arreta berezia jarriz egiazta daitekeen prestakuntzan eta Euskal Enplegu Zerbitzuak sektorearen arabera atzemandako beharretan.
Gainera, landunentzako 2025-2027 prestakuntza eskaintza finantzatuko duten laguntzen oinarri arautzaileak onartu dira. Deialdi horren baitan, 31,8 milioi euro ditu, eta gaitasunak hobetzea, birkualifikatzea eta sektore estrategikoen eskaeretara egokitzea du helburu; besteak beste, ZainLab programaren bidez.
Turismo sektorearen gaitasun digitalak ere sustatu nahi ditu Lanbidek, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailarekin sinatutako lankidetza hitzarmenaren bidez. Horretarako, 1,9 milioi euro baino gehiago inbertituko dituzte langileen, gazteen eta ETEen prestakuntza ekintzetan.
Hiru prestakuntza deialdi horiek Eusko Jaurlaritzak astearteko Gobernu Kontseiluan onartutakoei gehitu behar zaizkie. Izan ere, 15 milioi eurorekin indartuko dira Hezkuntza Sailarekin eta HABErekin elkarlanean egingo diren prestakuntza ekintzak, eta gaitasunak egiaztatzea dute helburu, bai lan esperientziaren bidez edo beste bide ez-formal batzuen bidez eskuratutako lanbide gaitasunak, baita lan merkatuan sartzeko hizkuntza gaitasuna eskuratzekoa ere.
Lanbideren lehentasunezko beste ardatzetako bat da ekintzailetza. Hori dela eta, 3,9 milioi euro bideratuko ditu ekintzailetzako hiru laguntza lerro finantzatzeko: abian jartzea bultzatzeko enpresa ideia bat garatzeko laguntzak, proiektua ezartzeko laguntzak eta enpresa jarduera bat sendotzeko laguntzak.
Ezagutza trukatzeko sarea
Bestalde, Lanbidek 30.000 euroko dirulaguntza zuzena eman dio Euskalit – Kalitatea Sustatzeko Euskal Fundazioari, Euskadiko ETEen artean ezagutza eta adina kudeatzeko eta belaunaldi erreleboa egiteko jardunbide egokiak trukatzeko sare bat sortzeko. Enpresa onuradunak mentorizazioko proiektu pilotuan parte hartu dutenak edo LanMentoring zerbitzua jaso dutenak izango dira.
Laguntzen deialdiei buruzko informazio guztia Lanbideren webgunean egongo da eskuragarri, bai eta eskabideak aurkezteko ereduak ere. Neurri horiekin, Euskal Enplegu Zerbitzuak berretsi egiten du Euskadin enplegu eta prestakuntza motor gisa betetzen duen eginkizuna, bere programak lan merkatuaren etorkizuna markatzen duten digitalizazio, jasangarritasun eta lehiakortasun erronkekin lerrokatuz.






