- Proiektu honen helburua izapideak arintzea, burokrazia murriztea eta transakzio digital seguruak bermatzea da, Europar Batasun osoan elkarreragingarritasun-esparru baten baitan
- Ekimen hau bat dator Eusko Jaurlaritzaren Administrazioaren eraldaketa digitalerako estrategiarekin, zerbitzu publikoak indartu eta hobetzeko helburuarekin
Eraldaketa digitala errealitate bat da dagoeneko, eta, horregatik, teknologia berrien erabileraren eskutik administrazio arinagoa eta modernoagoa lortzea da Eusko Jaurlaritzaren erronka eta helburu nagusietako bat legegintzaldi honetan.
Ildo horretatik, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu saila administrazio arinago eta digitalagoa lortze bidean urratsak egiten ari da, euskal sektore publiko osoaren sinplifikazioa eta eraldaketa digitala bultzatuz, eskaintzen diren zerbitzu publikoak indartzeko helburuarekin; digitalizazioan aurrera eginda aurrez aurreko arreta hobetu baitateke.
Helburu horrekin, Jaurlaritza hasia da Adimen Artifizialean oinarritutako soluzio teknologikoak hedatzen, herritarrei eskainitako arreta eta emandako erantzuna hobetzeko. Urtea amaitu baino lehen, Euskadik administrazioa modernizatzeko bi estrategia berri izango ditu martxan: Euskadiko sektore publikoaren Adimen Artifizialaren estrategia, batetik, eta Administrazioaren Eraldaketa Digitalerako Estrategia, bestetik.
Era berean, aurten argitaratutako Adimen Artifizialaren algoritmoen erregistroak Euskadi abangoardian kokatu du arlo horretan. Hori dela eta, Euskadi WE BUILD partzuergoko kide izateko aukeratua izan da eta Europar Batasuneko Identitate Digitala hedatzeko proiektuan parte hartuko du.
Bizkortasun handiagoa, burokrazia gutxiago eta transakzio digital seguruak
Aste honetan hasi da WE BUILD proiektua aurrera eramateko lehen jardunaldia Amsterdamen, Europako 26 herrialde baino gehiagoren parte-hartzearekin. Euskadik Ejie eta Izenpe Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartearen eta euskal administrazioen identifikazio eta sinadura elektronikorako plataformaren eskutik hartuko du parte proiektuan. Herbehereak, Alemania eta Suedia izango dira partzuergoaren buru eta proiektuak 26 milioi eurotik gorako aurrekontua eta bi urteko iraupena izango du.
Eusko Jaurlaritzaren eraldaketa digitalerako ikuspegi eta estrategiarekin guztiz bat datorren ekimena da.
Izan ere, WE BUILDek Nortasun Digitaleko EUDI zorro digitalak lehen aldiz martxan jarri nahi ditu, zorro horien bideragarritasuna, segurtasuna, eraginkortasuna, konfiantza aztertu eta zorro horien erabilerak ekar ditzakeen onurak ebaluatzeko. Era berean, prozesuak automatizatzeko eta EUDI Wallet delakoak herritarren eta enpresen eguneroko bizitzan izan dezakeen eragina ere aztertuko da.
WE BUILD ekimenaren barruan, izapideak arintzeko, burokrazia murrizteko eta transakzio digital seguruak bermatzeko 13 kasu garatuko dira, Europar Batasun osoan aplikagarriak izango direnak, elkarreragingarritasun-esparru baten baitan.
Euskadik 3 erabilera-kasuren garapenean (zergen ordainketa, mikrokredentzialak eta ordainketak) eta Member States Advisory Forumean parte hartuko du (parte hartzen duten erakunde publikoek osatutako gobernantza- eta partaidetza-foroan).






