Mexiko: Arabako Errioxa, Txakolina eta Sagardoaren 23 euskal upategiek 100 bilera komertzial, 6 dastaketa eta 2 showroom egin dituzte

0
GUADALAJARA (MÉXICO), 04/09/2025.- Personas participan en una cata de vinos en la Basque Wine este jueves en la ciudad de Guadalajara (México). EFE/Francisco Guasco
  • Gainera, upategien 43 ekintza eta topaketa komertzial egin dira hiriburuan, La Pueblan, Monterreyn eta Guadalajaran.
  • Amaia Barredo: “Gure upategiak pozik itzuli dira, salmentarako lekua badagoela egiaztatu dute, batez ere gure produktuen erakustaldiaren ondoren jasotako iruzkin onengatik”
  • “Hasiera ona izan dute, orain garatu egin behar da; ona litzateke haiek jakitea nola egiten den Euskadin goi-mailako kalitate hori”

Egun hauetan Arabako Errioxa, Txakolina eta Sagardoaren 23 euskal upategiren ordezkaritzak Mexikoko eta bere estatuetako gobernuetako ordezkari instituzionalekin eta inportatzaile, banatzaile eta kazetariekin egindako sustapen-jardueraren barruan aipatzekoak dira Mexiko Hiriko eta Guadalajarako inportatzailerik gabeko enpresen 100 “b2b” bilera komertzial inguru, 2 showroom (bata CDMXn eta bestea Guadalajaran 280 parte-hartzailerekin), 110 profesionalek parte hartu duten 6 dastaketa espezializatu eta dagoeneko Mexikon ezarritako upategien 43 ekintza eta topaketa komertzial, hango eragileekin herrialdeko hiriburuan, La Pueblan, Monterreyn eta Guadalajaran garatuak.

 Amaia Barredo, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburua, pozik agertu da Arabako Errioxa, Txakolina eta Sagardoaren euskal ordezkaritzak inportatzaile, banatzaile, influencer eta kazetariekin eta Mexikoko Gobernuko eta bere estatuetako 8 ordezkari instituzionalekin egindako topaketen balantzearekin.

“Orain da unea egun hauetan harremanetan jarri diren profesional gastronomiko eta komertzialek gure upategiek eskaintzen dizkieten negozio-aukerak aztertzeko eta salmenta-kontratuei eta akordioei ekiteko”, esan du Amaia Barredok, Eusko Jaurlaritzak Mexikon duen ordezkari Ainhoa Apeztegiarekin batera.

“Gure upategiak pozik itzuli dira, salmentarako lekua badagoela egiaztatu baitute, batez ere gure ardoen, txakolinen eta sagardoen erakustaldiaren ondoren jasotako iruzkin onengatik. Hasiera ona izan dugu, orain garatu egin behar da”, gaineratu du Barredok.

Mexikon egin duen azken lan-jardunean, euskal ordezkaritzak topaketa bat izan du Guadalajarako Merkataritza, Zerbitzu eta Turismo Ganberako Kontseiluko presidente Javier Arroyo´rekin, eta showroom bat antolatu du euskal ardo eta sagardoen erakusketa batekin, Brunan, Guadalajarako erreferentziazko gastronomia-gunean.