Pérez Iglesiasek Mondragon Unibertsitatearen progresio «etengabea eta irmoa» nabarmendu du

0
  • Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak ikasturte berriari eman dio hasiera Aretxabaletako campusean.

  • Euskal unibertsitate ehunaren «ezaugarri bereizgarriak» nabarmendu ditu, eta, bereziki, MUren emaitza onak prestakuntzan eta enplegagarritasunean.

  • Unibertsitate-lege berria ikasturte honetan izapidetzen hasiko dela iragarri du.

Juan Ignacio Pérez Iglesias Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak Mondragon Unibertsitatearen (MU) 2025-2026 ikasturteari eman dio hasiera, gaur, Aretxabaletako campusean. Ekitaldian ordezkaritza instituzional eta akademiko zabala bildu zen.

Bere hitzaldian, Pérez Iglesiasek Mondragon Unibertsitateak bere hiru hamarkadako ibilbidean izan duen aurrerapen «etengabea eta irmoa» nabarmendu du; egun, «ondo finkatutako unibertsitatea, prestakuntza sendoa duena, gero eta ikerketa-jarduera handiagoa eta transferentzia-maila ikaragarriko” unibertsitatea dela esan du. Bide horretan, HUHEZIk, bere sorrerako zentroetako batek, euskarazko irakaskuntzaren hazkundean eta indartzean bete duen «egiteko garrantzizkoa » azpimarratu du.

Sailburuak euskal unibertsitate-sistema osoaren «ezaugarri bereizgarriak» goraipatu ditu. EAE da unibertsitaterako sarbide handiena duen autonomia-erkidegoa -16 urtetik gorako biztanleriaren ia erdiak eta biztanleria aktiboaren ia bi herenek unibertsitate-ikasketak dituzte-, eta bigarren postuan dago ikasketak aurreikusitako denbora teorikoan amaitzen dituzten tituludunen ehunekoari dagokionez ( % 51 graduan eta % 82 masterrean, Estatuko batez bestekoaren % 43 eta % 75aren aldean). MUn, datuak % 62koak dira graduan eta % 91koak masterrean.

Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitate-uzte eta ikasketa-aldaketa tasak Estatuko baxuenen artean daude — Nafarroako Foru Komunitatearekin batera —. Mondragon Unibertsitatean, uzte-tasa hori ia «hondarrekoa» da, eta matrikulatutako hamar kreditutik bederatzi gainditu egiten dira. Pérez Iglesiasen ustez, datu horiek ez dira «kasualitatearen emaitza», baizik eta ikasleen eta irakasleen ratio txikia eta hamar irakasletik zortzi lanaldi osorako kontratatuta egotea bezalako faktoreen ondorioa.

2021ean graduatutako ikasleen laneratzeari buruzko datuak ere aipatu ditu, Lanbidek aste honetan argitaratutakoak hain zuzen, eta «bereziki ontzat» jo ditu Mondragon Unibertsitatekoak: % 95eko okupazio-tasa eta % 88ko enplegu-tasa.

Ildo horretatik, Pérez Iglesiasek «gain-prestakuntzaren» mitoa desmuntatu du, eta azpimarratu du Euskadin dugula «goi-mailako ikasketak dituzten pertsonen munduko proportzio handienetako bat, eta horietako gehienek beren maila akademikoarekin eta prestakuntza-profilarekin bat datozen enpleguetan lan egiten dutela».

Sailburuak iragarri du, bestalde, unibertsitate-lege berria izapidetzen hasiko direla ikasturte honetan, autonomia-erkidegoaren eskumenen barruan, «unibertsitate-eredu propioa»  garatzeko. Haren hitzetan, “EAEn unibertsitate sistema aberatsa eta anitza dugu; sistema osatzen duten erakundeen profilak osagarriak dira, eta hala izaten jarraitu behar dute «.

Datozen urteei begira, hainbat erronka ezarri ditu: unibertsitatean gazte gehiago sartzea; gero eta zientzia gehiago eta hobea egitea, «unibertsitateko irakaskuntza kualifikatzen duen begirada kritikoaren oinarria delako»; nazioartean gero eta presentzia handiagoa izatea; eta munduko beste leku batzuetatik ikasleak erakartzeko gai izatea.