Europar Batasunean Euskadik duen funtsezko zeregina aldarrikatu du Lehendakariak Kidego Kontsularraren aurrean

0
  • Imanol Pradalesek Euskadin egiaztatutako Kidego Kontsularra hartu du Elkargunean
  • “Demokrazia gehiago, Euskadi gehiago eta Europa gehiago. Hiruko horren gainean eraiki nahi dugu Euskadi Globala”, nabarmendu du
  • Lehendakaria kezkatuta agertu da Frantziako Estatuaren gobernagarritasun-krisiagatik eta Abiadura Handiko Trena bezalako proiektu estrategikoetan izan ahal duen eraginagatik

Imanol Pradales Lehendakariak gaur eguerdian harrera egin die Euskadin egiaztatuta dagoen Kidego Kontsularreko hainbat ordezkariri, Ajuria Enea Jauregiko Elkargunean, eta bertan izan dira Eusko Jaurlaritzako sailburuak, bai eta Ander Caballero Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren idazkari nagusia ere.

Bere mintzaldian, Pradalesek Euskadik Europar Batasunean duen funtsezko papera aldarrikatu du Kidego Kontsularraren aurrean. “Gurea bezalako herrialdeak eta lurraldeak funtsezkoak gara espezializazioaren eta berrindustrializazioaren gaitasuna baliatzeko, baliabideak modu eraginkorragoan kudeatzeko eta Europaren egitasmoa herritarren aurrean finkatzeko, hurbiltasunetik”, aurreratu du Lehendakariak eta zentzu horretan, Makroeskualde Atlantikoaren proiektua nabarmendu du.

Halaber, Imanol Pradalesek diplomaziaren eta lankidetzaren balioa nabarmendu du, eta urte hauetan guztietan emandako laguntza eta egindako ekarpena eskertu du. “Euskadik nazioen arteko diplomaziaren eta lankidetzaren alde egiten du, horiek baitira garapen globala, bakea eta oparotasuna lantzen jarraitzeko oinarria”, aitortu du; horretaz gain, Imanol Pradalesek Kidego Kontsularraren konpromisoa nabarmendu du, herrialdeen arteko elkarrizketak indartzeko eta merkataritza, kultura, zientzia eta teknologia partekatzeko. “Zuen ahotsa eta zuen ekarpenak ezinbestekoak dira Euskadi gero eta nazioartekoagoa izateko eta aukera globalei zabalik egoteko”, azpimarratu du.

Munduko ordena gero eta ziurgabeagoa eta ezegonkorragoa den garaiotan −agintari eta muturreko mugimendu populistek, migrazioaren erronkak, aldaketa klimatikoak eta gerrek baldintzatua−, Pradalesek ziurtatu duenez, “Herri gisa hazten jarraitzeko, nazioarteko testuinguruan hazten jarraitu behar dugu, zailtasunen gainetik eta parean jartzen zaizkigun aukera guztiak baliatuz”. “Demokrazia gehiago, Euskadi gehiago eta Europa gehiago. Hiruko horren gainean eraiki nahi dugu Euskadi Globala”, berretsi du.

Baldintza hauetan, “Europa batuago eta indartsuago bat behar dugunean, kontrakoa ikusten ari gara. Egonkortasuna erakutsi beharrean, gero eta ezegonkorrago dago Europa”, deitoratu du Lehendakariak.

Zentzu horretan, Pradalesek ez du zalantzarik izan eta bere kezka nabarmendu du Frantziako Gobernuaren porrotaren ondoren. “Frantziako Estatuak duen gobernagarritasun krisi sakonak are aldakortasun handiagoa eransten dio kontinentearen egoera politikoari eta Europaren ekonomiari; horrek eragin zuzena izan dezake gure ekonomian edo euskal agendaren zenbait egitasmotan, adibidez, kontinentearekin lotzeko Abiadura Handiko Trenean”, aitortu du.

Horregatik, Lehendakaria “multilateralismoaren eta iparralderantz eta hegoalderantz aliantza transatlantikoak indartzeko beharraren alde mintzatu da, interes komun historikoetan eta berregituratzen ari den mundu berri honek eskaintzen dizkigun aukeretan sakonduz”; ildo beretik, Lehendakariak ziurtatu duenez, “orain arte sakondu ez ditugun geografietan aliantza berriak josi behar ditugu, Afrikan, Asian eta Ekialde Erdian, bertan etorkizunerako aukerak baitaude”.

EUSKADIREN NAZIOARTEKO DIMENTSIOA

Euskadiren interesak defendatzeko premisapean, Euskadiren nazioarteko dimentsioa indartzeko Jaurlaritzak dituen lan-ildo nagusiak partekatu ditu Lehendakariak.

Horrela, Euskadik Europar Batasunean duen paperaz gain, Pradalesek garapenerako lankidetzaren eta hazkunde iraunkorraren eredu berri batean aurrera egiteko beharra defendatu du, 2030 Agendaren ildotik. “Garapenerako lankidetzaren paradigma aldatu nahi dugu, erakunde publikoen, sektore pribatuaren, gizarte zibilaren eta akademiaren arteko aliantzetan arreta berezia jarriz”, zehaztu du.

Hirugarren eta azken lan-ildoa zuzenean lotuta dago Euskal Diasporarekin eta Euskal Diasporaren lege berriarekin, zeinak “lotura kultural, emozional, digital eta politikoak eta migrazio ibilbideen aniztasuna jasoko baititu”, nabarmendu du Lehendakariak.