Euskal Hezkuntza Sistema hobetzeko-komunitateko elkarteen parte-hartzeansustatuko du Hezkuntza Sailak

0

Laguntza-programa hau bat dator hezkuntza-komunitateak Euskal Hezkuntza Sistemaren ekitatea eta bikaintasuna lortzeko duen erantzunkidetasunarekin, eta guraso-elkarteen, guraso-elkarteen federazioen eta irakaskuntza-kooperatiben gobernantzari eta parte-hartzeari buruzko alderdiak jasotzen ditu

Eusko Jaurlaritzak, Gobernu Kontseiluan, hezkuntza-komunitatea osatzen duten hainbat elkarteri dirulaguntzsak emateko deialdia egiten duen Agindua onartu du. Horren bidez, elkarte horiek egiten dituzten prestakuntza-jarduerak diruz lagunduko dira. Gaur onartu den aginduak, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak proposatuta, 1.033.000 euroko inbertsioa izango du, eta helburu nagusia da hezkuntza-komunitatearen parte-hartzea eta hezkuntza-sistemarekiko duen konpromisoa finantzatzea.

Deialdia honako hauei dago zuzenduta: Helduen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako ikasleen elkarteak, unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako ikasleen guraso-elkarteak (Haur Hezkuntzako lehen ziklokoak izan ezik) —650.000 euro—, federazio eta konfederazioak —350.000 euro— eta unibertsitatez kanpoko ikastetxeen titular diren irakaskuntza-kooperatibak —33.000 euro—.

Komunitatearen inplikazioa

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak laguntza-lerro horri eusten dio, familien parte-hartzea eta lankidetza jarduera osagarrien bidez sustatzeko. Jarduera horiek bat etorri beharko dute ikastetxearen hezkuntza-proiektuarekin, eta prestakuntza-jarduerak jaso beharko dituzte, gurasoentzat, tutoreentzat, baita ikasleentzat ere.

Hezkuntza Sailaren prestakuntza-estrategiaren eta hezkuntza-komunitate osoaren inplikazioa bilatzen den testuinguruaren ildotik, ekitate handiagoa lortzeko eta hezkuntza-sistema hobetzeko, ikasleen inklusioa, hezkidetza eta ongizatea sustatzen dituzten jarduerak bultzatuko dira. Osasun emozionala, elkarbizitza positiboa eta euskara sustatzea, jarduera fisikoetan, kirol-jardueretan eta aisialdikoetan, eta gaitasun digitala hobetzea ere helburu komunak izango dira, eta diruz lagundutako jarduerek ikasleen hezkuntza eta norberaren arrakasta lortzen lagunduko dute.