Horrela, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak azpimarratzen du Euskadik konpromiso sendoa duela nazioarteko elkartasunarekin eta babes eta segurtasun bila beren etxeetatik ihes egitera behartuta dauden errefuxiatuekin
Gobernu Kontseiluak Asociación España con ACNUR – Euskal Batzordeari 50.000 euroko zuzeneko dirulaguntza ematea onartu du gaur, Ukrainako gatazkaren ondorioz errefuxiatu eta desplazatuei larrialdiko babesa eta laguntza emateko.
Laguntzari esker, ACNURek bultzatutako helburu anitzeko asistentzia-programa finantzatu ahal izango da, lekualdatutako 156 pertsonaren oinarrizko premiei erantzuteko. Pertsona horiek hiru hilean behingo bi laguntza-txandatan banatuko dira, 78 onuradunentzat.
Ekimen hori 2022ko martxoan Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako Ukrainako inbasioaren ondorioz lekualdatutako pertsonak hartzeko Euskadiko Bigarren Kontingentzia Planaren barruan sartzen da. Plan horrek krisi humanitarioaren aurrean eman beharreko erantzun sozial, politiko eta instituzionala egituratzen du, Jaurlaritzaren konpromisoa indartuz, premiazko inplikazio humanitarioa eskatzen duten egoeren aurrean erantzun arin, solidario eta koordinatua emanez.
Lankidetza horrekin, Eusko Jaurlaritzak ACNURen estrategia globalari laguntzen dio, gerrak kaltetutako pertsona kalteberenei arreta emateko, haien duintasuna eta segurtasuna mantentzea ahalbidetuko dieten oinarrizko baliabideak eskuratu ahal izatea bermatuz.
Horrela, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak azpimarratzen du Euskadik konpromiso irmoa duela nazioarteko elkartasunarekin eta errefuxiatuekin; izan ere, Ukrainakoa bezalako gatazken ondorioz, etxetik ihes egin behar izaten dute babes eta segurtasun bila.






