- Eskaerak urriaren 3tik aurrera izapidetu ahal izango dira eta urtarrilean hasiko dira langile publikoak telelanean
- Astean bi egunetan egin ahal izango da telelana eta orain arte era ez-presentzialean aritzeko aukera izan duten langile teknikoei, administrari laguntzaileak, administrariak eta arduradunak batuko zaizkie
Gobernu Kontseiluak ontzat eman du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta haren erakunde autonomoetan telelanaren eta lan ez-presentzialaren modalitateak arautzen dituen dekretua.
Akordio hori, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek sinatu zuten uztailaren 21eko Administrazio Orokorraren Mahai Sektorialean; ELA sindikatua, aldiz, akordiotik kanpo geratu zen.
Dekretu honek oinarrizko arau-esparru bat ezartzen du eta euskal sektore publiko osoari aplika dakizkiokeen gutxienekoak finkatzen ditu. Akordio honek gardentasuna, ekitatea eta segurtasun juridikoa bermatzen ditu telelana ezartzean, eta langileen bizitza profesionala eta pertsonala uztartzeko aldarrikapenei erantzuten die. Hala, erregulazio honen bidez, Administrazio Orokorreko langileentzat telelana baimentzeko prozedurak eta irizpideak ezartzen dira, bai eta noizbehinka eta inguruabar jakin batzuk kontuan hartuta lan ez-presentziala baimentzeko prozedurak eta irizpideak ere.
Berritasun nagusiak
Langile publikoek modu ez-presentzialean lan egin ahal izango dute astean 2 egunetan, eta modalitate hori telelaneko zereginak dituzten langile guztietara zabalduko da, betiere zerbitzu publikoa behar bezala ematen dela bermatzen bada.
Ohikoa ez den etxebizitza batean eman ahal izango dira zerbitzuak, lana eta familia bateragarri egiten laguntzeko. Eta kasu batzuetan malgutu egin da modalitate honetan sartzeko urtebeteko baldintza, eta sei hilabetera murriztu daiteke administrazio honek urtero deituko dituen hautaketa- eta hornidura-prozesuen ondoren.
Era berean, prestakuntza-ikastaroak eskainiko dira, IVAPek antolatutako prestakuntza-gune berriaren baitan, langileen eta arduradunen beharretara egokituak. Irailaren 17tik aurrera egongo dira eskuragarri.
Deialdi eta eskaerak
6 hilean behin elkarren segidako hiru deialdi argitaratzea erabaki da, eta, horiek amaitutakoan, deialdi ireki bat arautuko da.
Lehenengo deialdia urriaren 3an argitaratuko da, eta beraz, egun horretatik aurrea izapidetu ahal izango dira eskaerak telematikoki.
Eskaeren izapidetzearen ondotik, berrezarriko da urtarriletik aurrera telelana Eusko Jaurlaritzan.






